Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Berria txapelketan Irurtzun sartu zen lehian, eta nahi baino gehiago sufritu zuen Gasteizko Txukun Lakua taldea menpean hartzeko. Irurtzundarrak txapelketa irabazteko faboritoen artean daude, baino hurrengo fasean hobeto jokatu beharko dute, txapelketan aurrera egiteko. Kadeteetan, Irurtzungo Idoate II.ak eta Berazak 13-22 galdu zuten Txukun Lakuako Isasmendiren eta Obragon II.aren aurrean. Partida gogorra izan zen, lau pilotariak iaioak baitira defentsako lanean, baina kosta egin zitzaien tantoak amaitzea. Azkenean, Gasteiza joan zen garaipena. Gazteetan Irurtzungo Ansotegi eta Zabaleta lehiatu ziren Txukun Lakuako Mendinuetaren eta Lekueren kontra. Nahiz eta faboritoak izan, irurtzundarrak nahi baino estuago ibili ziren gasteiztarrak irabazteko, eta azkenean 22-18 gailendu ziren. Nagusien partidan, aldiz, lasaiago aritu ziren irurtzundarrak, Ollo eta Otxotorenak 22-8 irabazi baitzieten Gasteizko Sanchez eta Irurruziagari. Irurtzunek aurrera egin du txapelketan eta bigarren fasean Markina izanen du arerio, otsailaren azken asteburuan. Arbizuko Aldabidekoek ere aurrera egitea lortu zuten eta otsailaren 13ko asteburuan lehiatuko dira Añorga taldearen kontra.