MRA Navarraren garaipen ikusgarria

Guaixe 2009ko otsailaren 10a

Ostiral iluntzean MRA Navarrak sailkapenaren goialdean dagoen Caja Segovia hartu zuen Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 1.800 zale inguru zeudela. Hasiera hasieratik partidan nagusi izan ziren irurtzundarrak, eta arerioarekiko ez zuten gupidarik izan. Imanol Arregiren taldea oso ongi kokatua egon zen eta partida hasi eta 5 minutura Joelek MRA aurreratu zuen. Ordutik aurrera ere Irurtzungo taldeak dominatzen jarraitu zuen eta 12. minutuan Lukaianek MRAren bigarren gola sartu zuen, urrutitik. Atsedenalditik bueltan ere Nafarroako taldeak dominatzen jarraitu zuen. 21 minutuan Ossoriok gol ederra sartu zuen, kontrako taldeko jokalari guztiei erregate bikainak egin eta gero. Xotaren laugarren gola Joelek egin zuen, Araçaren jokaldi eta pase ederra borobilduz. Lau eta zeroarekin esnatu zen Caja Segovia. Goruntz egin zuen taldeak, baina Imanol Arregik ezarritako defentsak bikain erantzun zien erasoei. Gainera, Juanito atezainak geldialdi itzelak egin zituen eta Caja Segoviak soilik gol bat egiteko aukera izan zuen, 35. minutuan Andreuk sartutakoa. Segoviakoek estutzen jarraitu zuten, baina gola sartu zuena atzera ere Lukaian izan zen, ia zelai erditik, 39. minutuan. Eta horrela despeditu zen lehia, MRAk Caja Segovia 5-0 irabazita. Imanol Arregi entrenatzailea oso kontentu zegoen bere gizonek egindako lanarekin. "Asko haztatu dugu eta eurek, aldiz, ez. Atezain jokalaria atera arte goitik behera kontrolatuak izan ditugu eta gero defentsan agoantatu dugu, eta gainera, beste gol bat egiteko aukera izan dugu. Goian dagoen talde baten kontra urrezko hiru puntu lortu ditugu eta sailkapenean gora begira jarri gara" nabarmendu zuen Arregik. Sailkapen orokorraz ari garenez, liderra Inter Movistar taldea da, 45 punturekin. MRA Navarra Xota bederatzigarrena da, 24 punturekin.Hurrengo arerioa, Guadalajara Asteburuan Ohorezko Mailako ligako 20. jardunaldia egonen da jokoan. MRA Navarra Xotak Guadalajarako Pabilioian jokatuko du, larunbatean, 18:30ean, 20 punturekin sailkapenean hamahirugarrena den Guadalajara taldearen kontra. Guadalajara ez da arerio erraza, atzeko postuak atzean uzteko dena ematen ari baita, eta hortaz ez dizkio gauzak batere erraztuko MRA Navarrari. Nolanahi ere, puntuak pilatzen jarraituko du MRAk, helburua sailkatutako lehenengo zortzi taldeen artean egotea baita, ligako play offak jokatu ahal izateko. Ea Guadalajaran jokoan dauden puntuak hona etortzen diren.984.200 euroko diru laguntza Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirol Institutuaren bidez, 2009, 2010 eta 2011 urteetarako kontratuak sinatu ditu Nafarroako hainbat kirol entitate eta klubekin, guztira 8 milioi euroko balioa dutenak. Diru laguntza jaso dutenen artean daude Sociedad Deportiva Itxako (1.027.259 euro), Club Atletico Osasuna (4.590.600 euro), Nafarroako Pilota Federazioa (461.344 euro), Sociedad Deportiva Club San Antonio (1.088.771 euro) eta Club Deportivo Xota Futbol Sala (984.200 euro). Kontratuen helburua da maila altuko kirol aktibitatea bulkatzea eta bertako kirol tradizionalak - pilota - laguntzea. Bide batez, "Reyno de Navarra" markaren bidez Nafarroa helmuga turistiko moduan bulkatzea da nahia.