Nafarroako Gobernuak aurreko astean onartu zuen Hydro Aluminium Inasa S.A. enpresak aurkeztutako enplegu erregulazio espedientea (EEE). Onartutakoaren arabera lantegiko langileak 12 eta 16 egun artean langabeziara joanen dira otsailaren 15etik ekainera bitartean. Neurriak Irurtzungo lantegiko 232 langiletatik berrehuni eraginen die. Kanpoan gelditu dira txanda-kontratua duten langileak eta goi zuzendaritzako kontratua duten zuzendaritzako kideak. Irurtzungo lantegiko arduradunek eskaera falta argudiatu dute EEE aurkezteko garaian. Langileen ordezkariaEnpresa batzordeko (ESK 3, CCOO 3, LAB 2, CC 2 eta UGT 1) buru Alfonso Torresek (ESK) azaldu digunez, "kontsulta garaian saiatu gara adostasuna bilatzen, baina alferrik izan da". Torresek argitu digunez, "eskaera gabeziak denoi eragiten digunez, denondako EEE eskatu dugu, proportzionala izanen dena". Kontsulta epea bukatu ondoren enpresak EEE aurkeztu eta onartu zuen. Langileen ordezkariek alegazioak aurkeztu zituzten; besteak beste, gizarte plan osagarririk ez zuela nabarmendu zuten. Enpresa batzordeko buru Alfonso Torresek esan digunez, "lan-administrazioko agintaritzak onartu duena beheranzko malgutasuna onartu du. Enpresak orain 16 egun ditu nahi duenean jartzeko eta gu langabeziara bidaltzeko". Torresek argitu digunez "langabezian gauden egunetan kobratzen dugunaren heren bat jasoko dugu. Plusak kontuan hartuz lankide batzuek 3.000 euro ere galduko dituzte". Langabezian daudenean denen diruarekin ordainduko dietela ere gogora ekarri du Alfonso Torresek. Berak laburbildu duenez, enpresak "beheranzko malgutasunaren bidez kostutan aurreztu du". Enpresa batzordeko buruak gogora ekarri du duela 7 hilabete Hydro Aluminium Inasa S.A. enpresako zuzendaritzarekin 6 eguneko malgutasuna adostu zutela. Antza, enpresak egun horiek aurrerago erabiliko dituela esan dio enpresa batzordeari. Langileen ordezkariak lan-administrazioko agintaritzako epailearekin biltzekoak dira beren ikuspuntua azaltzeko. Bitartean etorri daitekeena zer izan daiteken esperoan dira langileak, enpresak ez baitu langabeziara doazen egunak aldez aurretik jakinarazteko beharrik, "ezinen dugu planifikaziorik egin". Hala azaldu digu Torresek.