Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ohorezko maila. 20. jardunaldia: Guadalajara 1 - MRA Navarra 2Guadalajaratik hiru puntuak eskuratuta itzuli zen larunbatean MRA Navarra Xota, Guadalajarari 1-2 irabazita. Maila paretsuan aritu ziren bi taldeak, baina MRAk hobeki aprobetxatu zituen gol aukerak. Hasieran Guadalajararen defentsa nola hautsi ez zuen jakin MRAk, baina gutxika kontraerasoan hasi eta jokoan sartu ziren. Amaierara husnako berdinketarekin helduko zirela zirudienean, Dani Fernandezen jaurtiketa urruntzera zihoala nahi gabe baloia ate barrura sartu zuen Minhocak, eta MRAren aldeko gola sartu zuen. Atsedenaldia eta gero, 29. minutuan, MRAko Ugek bigarren gola sartu zuen, Emerson atezainaren irteera oker bat aprobetxatuz. Penalti bidez Guadalajarako Cogorrok gola sartu zuen eta 1-2an jarri zuen markagailua, gehiago mugituko ez zena. Azken minutuetan Guadalajarak atezain-jokalaria erabili zuen Irurtzungo taldea erasotzeko, baina Juanito atezainak bikain erantzun zien erasoei eta horrela despeditu zen lehia. Imanol Arregi entrenatzailea kontentu zegoen taldeak egindako lanarekin. "Partida oso landua eta taktikoa izan da, akaso ikusleendako ez oso ikusgarria" adierazi zuen Irurtzungoak. Ohorezko mailako liderra Inter Movistar taldea da, 48 punturekin. MRA Navarra Xota zortzigarren postuan dago, 27 punturekin. Jakina denez, liga erabakitzeko play off-ak sailkatutako lehen zortzi taldeek jokatuko dituzte; ea Irurtzungo taldeak lehen zortzien artean sailkatzea lortzen duen. Hori izango da hemendik aurrera MRAren erronka inportanteena. Hurrengo partida ostiralean jokatuko du MRA Navarra Xotak, Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 20:30etik aurrera, 26 punturekin bederatzigarrena den Carnicer Torrejonen kontra. Partida konplikatua izango da, baina play off-etarako sailkatzeko ahalik eta puntu gehien pilatu beharko ditu MRAk.