Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ohorezko maila. 22. Jardunaldia: MRA Navarra 4 - Carnicer Torrejon 2MRA Navarrak partida bikaina jokatu zuen ostiralean Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, Carnicer Torrejon taldearen kontra, 1.500 zale ingururen aurrean. Nagusitasunez irabazi zuten Irurtzungoak, 4-2 duela hilabete pasa zuen egoera negargarriari buelta eman diola agerian utziz. Orain sailkapenean seigarrenak dira irurtzundarrak, liga jokatzeko play off postuetan hain zuzen. Hala ere, partida hasi eta konturatu gabe Carnicerrek izan ziren aurreratu zirenak, MRAren defentsa akats bat aprobetxatuz 2. minutuan Geisonek sartutako gol bati esker. Aste batzuk bajan egon ondoren Javi Eseverri kapitaina kantxaratu zen berriro, eta bere ukitu bereziarekin berdinketaren gola sartu zuen zortzigarren minutuan, indarra eta inteligentzia handiko jokaldian. Kapitainaren itzulera asko nabaritu zen ostiralean.Bigarren zatia hasi eta berehala Carnicerreko Davichinek bere ate propioan gola sartu zuen jokaldi nahigabean. Hor aurreratu ziren Irurtzungoak, eta nahiz eta Lukaianek eta Eseverrik hainbat aukera alferrik galdu, 31. minutuan Joel fin ibili zen eta 3 eta 1ekoa ezarri zuen markagailuan. Bost minutu geroago Ossoriok MRAren laugarren gola sartu zuen, eta Carnicerrek atezain-jokalari postuaren apustua eginez, bigarren gola sartzea lortu zuen. Horrela, lau eta bikoarekin despeditu zen lehia, Irurtzungo taldearen nagusitasunarekin. Imanol Arregi entrenatzaileak gogo biziz zoriondu zituen bere jokalariak. "Partidaz gain bigarren itzulian bide bikaina egin du taldeak. Orain merezitako atsedena hartuko dute" gaineratu zuen Irurtzungo entrenatzaileak, aste honetan, 23. jardunaldian, atseden jardunaldia baitute. MRA Navarra Xota egun 34 punturekin sailkapenean laugarrena den Lobelle Santiago izanen du arerio martxoaren 7an, larunbatarekin, Santiagoko Fontes Do Sar aretoan. Ea bi asteko epe honetan partida behar bezala prestatzen duen, jokoan dauden puntuak pilatzeko.