Udalak saihesbide egitasmoa hobetzeko hainbat alegazio onartu ditu

Guaixe 2009ko otsailaren 26a

Asteartean, Irurtzungo Udalak aho batez onartu zuen herriko saihesbidea dela eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari aurkeztu beharreko alegazioak. Udalak, hala ere, zehaztu zuen "saihesbiderako proposatutako aukera ez da irurtzundarrek hobekien baloratu dutena, baina interesgarria dela uste dugu, trafikoa herri erditik ateratzen duelako". Udalak ere gogora ekarri du herritar gehienek Oskia-Gulina delako saihesbide aukeraren alde egin zutela. Astearteko bilkuran Irurtzungo Udalak egitasmoa hobetzeko bederatzi alegazio aurkeztea erabaki zuen. Udalak departamentuari eskatu dio Igerileku ondoan dagoen urbanizazioko kalearen luzapena orain arteko eraikitakoaren irizpide berberekin egin dadila, galtzada eta espaloien zabalerari eta aparkatzeko tokiei dagokienez. BiribilaBestalde, egitasmoak aurreikusten du saihesbidea industrialdea eta herria lotzen dituen kalean biribil bat egitea. Udalak eskatu du ondoan dagoen Aralar kaleko eraikineko garajeetarako sarbideak ziurtatzea. Udalak departamentuari ohartarazi dio ere industrialdera eta paseoan joateko jende askok erabiltzen duela Etxeberrira daraman errepidea. Horregatik aipatu biribilgunearen ondoan pasabide bat egitea eskatu du udalak. Departamentuak aurkeztutako saihesbide proposamenean aipatutako biribilgunean bukatzen da ibilbidea. Hala ere, Irurtzungo Udalak Bi Aizpe kalearen 40 zenbakiaren parean dagoen bidegurutzeari erreparatu dio. Udalak eskatu du bidegurutzea "egokitzea trafikoa egoki hartzeko". TrafikoaUdalak bere alegazioetan departamentuari eskatu dio Manfisa enpresaren parean aurreikusten den bidegurutzean bide segurtasuna eta ikuspena kontuan izan daitezela, "puntu beltz garrantzitsua" sortu gabe. Aldi berean, industrialde horretara oinez joateko zebrabideak jartzea aztertzeko eskatu du udalak. Horrekin batera, Irurtzungo Udalak bere alegazioetan ezinbestekoa jo du abiadura moteltzeko eta ibilgailuek 50 km orduko abiadura ez gainditzeko neurriak hartzea. Zamalanetarako ez bada kamioiak herrian ibiltzea debekatu nahi luke udalak. HarrobiaSaihesbide egitasmoan jaso denez Oskiako harrobiko materiala erabiliko litzateke hura egiteko. Irurtzungo Udalak departamentuari gogoratu dio Oskia-Gulina aukera atzeratzeko arrazoietako bat harrobia itxi egin behar zela. Udalak harrobia itxiko ote den galdetu du. Jabego pribatuekin muga egiten du saihesbideak hainbat tokitan. Bi aldeak ados jarrita egoki itxi beharko liratekeela uste du udalak. Horrekin batera, saihesbide ondoan dauden etxebizitzek jasan dezaketen zarata ikertzeko alegazioa ere aurkeztu da.