Aurreko ostiral arratsaldean Irurtzungo udaletxeak herriko lehen bateratze itunaren sinadura ekitaldia hartu zuen. Ekitaldian udalean ordezkaritza duten hiru taldeez gain, hainbat erakundeetako ordezkariak bildu ziren, baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuko berdintasun politiketarako zuzendari Maria Jesus Gutierrez Alvarez. ItunaNafarroako Gobernuaren Aukera Berdintasunaren I. Planaren barnean jaso da herri mailako paktuak egiteko aukera eta Magali Martinez teknikariaren laguntzaz hori lantzen aritu dira Irurtzunen. Guztia lana, familia eta bizitza pertsonalaren batzearen aldeko urratsak emateko. Sinatzaileen ustez "gizon-emakumeen arteko Aukera Berdintasuna printzipio orokor funtsezkoa da gure gizarteetan, baina berdintasuna formalki aitortua den arren, herritarren benetako berdintasunaz hitz egitea galarazten duten gizarte jokabideak aldatu behar ditugu". Sinatzaileek itunaren bidez "generoen arteko harreman berriak finkatu nahi" dituzte.Itunaren martxa jarraipen batzorde batek aztertuko du. Bertan sinatzaile guztiak izanen dira ordezkatuta. Bestalde, ostiralean jakinarazi zuten itunaren printzipioekin bat egiten duten erakunde eta gizarte-eragile guztiei zabalik dagoela agiria. Lan-programaOstiralean sinatutako itunak bi urteko iraupena du. Aurreneko urtean "sentsibilizazioa, prestakuntza eta lanaldien antolaketa, eta zerbitzu eta baliabideak sortzen, egokitzen eta hobetzen arloekin erlazionatuta dauden jarduerak programatu" dituzte. Horretarako, hezkidetza eta erantzukizuna lantzeko tailerrak, sentsibilizazio eta prestakuntzarako hitzaldiak, udaleko langileen lanorduen malgutasuna, 0 eta 3 urte bitarteko zikloaren eskaera, bateratze zerbitzuak eta abar aurreikusi dituzte. Talde bakoitzak bere arloan aurrera eramanen dituen ekintzak ere zehaztuak daude itunean. AdierazpenakIrurtzungo Udalaren izenean Txiki Iriarte alkateak bateratze ituna aurrera egiteko parte hartu duten guztiei eskerrak eman zizkien. Saray Ongay zinegotziak, bestalde, nabarmendu zuen itunaren sinatzearekin ez dela ekainean hasitako lana despeditzen, hasiera besterik ez dela eta furituak ikusteko lan egin beharko dela. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Maria Jesus Gutierrez Alvarezek azaldu zuen Irurtzun halako ituna sinatzen duen 24. herria dela. Erritmo ezberdinean bada ere, guztiak aurrera egiten ari direla azaldu zuen. Aldi berean, Nafarroako Gobernuko ordezkariak garrantzia eman zion Irurtzungo itunean parte hartu duten taldeen kopuruari eta ezberdintasunari. Ituna ahalbideratzeko udalari emandako laguntzak azaldu eta gero sinatutakoa "paperean ez gelditzeko" desira azaldu zuen. SinatzaileakAizpea Euskara Taldea, Asdire-Larrakil, Atakondoa eskolako guraso elkartea, EAE-ANV, Emakumeen taldea, Erga-Larreak elkartea, Iratxo elkartea, Irurtzun Bai, Itxipuru, LAB, Oinarrizko Gizarte Zerbitzua, Txokokoa guraso elkartea eta UPN.