Ez zen MRA Navarraren eguna izan

Guaixe 2009ko martxoaren 10a

Azkeneko partidak irabazi eta gero, ostiralean garaipenen bolada hautsi zuen Irurtzungo MRA Navarra Xotak Santiagon, Lobellek 4-2 irabazi baitzion talde nafarrari. Partida galtzea oso penagarria izan zen, irabaziz gero goiko postuetatik gertu kokatuko baitzen MRA Navarra, baina nahiz eta markagailuan aurreratu Imanol Arregiren mutilek ez zuten garaipena mantentzen jakin. Partida hasi eta berehala, bigarren minutuan, MRA aurreratu zen, Robertek sartutako golari esker. MRAko jokalariek atzera jo zuten, defendatzeaz gain kontraerasoz Lobelleren atera jotzeko asmoz, eta gainera, Lobelle noraezean aritu zen denbora bateaz. Baina atsedenaldirako bi minutu falta zirenean Lobelleko Manuk partida berdintzea lortu zuen, egoera aldatuz. Bigarren zatia hasi eta zazpi minutura Lobelle aurreratu zen, Rubiren golari esker, eta minutu batzuk geroago galiziarren hirugarren gola heldu zen, Carlinhosen eskutik. MRA jota zegoen baina Lukaianek irurtzundarren bigarren gola sartu zuen eta partida berdintzeko borrokan sartu zen Xota. Atezain-jokalari postuan jarri zuen Imanol Arregik Dani Fernandez, baina gauza ez zen ongi atera partida despeditzeko hiru minuturen faltan Ekak Lobelleren laugarren gola sartu zuelako, Irurtzungo taldearen asmoak zapuztuz. Lau eta bikoarekin despeditu zen lehia. Play off-etan sailkatzea helburuImanol Arregik onartu zuen Lobelleren bigarren gola eta gero "bururik gabe" jokatu zutela, eta nahiz eta erreakzionatu ordena gehiegirik gabe aritu zirela. "Bost jardunaldi galdu gabe joan eta gero, noizbait tokatu behar zitzaigun hau" zihoen entrenatzaile irurtzundarrak. "Gol aukeretan parekoa izan da partida, baina egia esan, ez da gure eguna izan. Laugarren postua heltzeko helburua ezinezkoa da orain, baina liga erabakitzeko play offetan edo lehen zortzi postutan sailkatzeko borrokatuko gara" azpimarratu zuen Arregik. Inter Movistar taldeak jarraitzen du Ohorezko Mailako lidergoan, 51 punturekin. Galdu eta gero MRA Navarra zortzigarrena da, 30 punturekin. Ohorezko Mailako Txapelketak bi asteko geldialdia izango du, martxoaren 19tik 22ra bitartean Europako Txapelketa Aurrekoak jokatuko baitira Badajozen. Espainiako selekzionatzaile Venancio Lopezek MRA Navarrako Javi Eseverri kapitaina Espainiako selekziorako konbokatu egin du. Lesio batetik errekuperatu berria da Eseverri, eta ikusi beharko da ea txapelketa horretan aritzeak mesede egiten dion eta nola bueltatzen den taldera. Martxoaren 27an itzuliko da Ohorezko Maila eta MRA Navarrak etxean jokatuko du, Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 21:00etan, bigarrena den F.C. Barcelona taldearen kontra. Partida hau ere zuzenean eskainiko du Teledeportek.