Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo Orvalen hasi eta Vichyn despeditu zen 178 kilometroko etapa esprintean despeditu zen, aurreikusi bezala. Azkarrena Quick Step taldeko Sylvain Chavanel izan zen (4:33:12), Rabobankeko Flecha eta Langevelden aurretik gailenduz. Euria izan zen atzoko protagonista eta ihesaldiak ez ziren faltatu. Rabobank taldeak lasterketa lehertu zuen Vichyko helmugara heltzeko 40 kilometro falta zirenean, haize-babesak sortu zituen eta gutxi izan ziren jarri zuten erritmo ezin biziagoari eutsi ziotenak. Chavanel eguneko ihesaldi onean sartu zen eta hor erabaki zen etapa. Aldiz, Alberto Contador liderrak ez zuen lagunduko zion taldekiderik topatu eta atzean zegoen tropeltxoan sartu zuen, 1:09ra, eta lidergoa galdu zuen. Sakanako txirrindulariak ere atzerago sartu ziren helmugara. Euskalteleko Gorka Verdugo 70.a izan zen, 2:50era, Caisseko Imanol Erbiti 78.a, denbora berean, eta Ag2rko Jose Luis Arrieta 137.a, 11:34ra. Asteleheneko erorikoa eta gero belaunean min hartuta dago Arrieta, eta ez dago oso sasoiko. Verdugo ere astelehenean erori egin zen baina ez zuen aparteko minik hartu. Asteleheneko etapan ere sustua eman zuen Hiriberriko Imanol Erbitik, helmugarako 2 km falta zirenean eroriko fuertea izan baitzuen. Bourgeseko ospitalera eraman zuten eta bertan egindako probek ziurtatu zuten txirrindulariak ez duela inolako lesiorik. Hortaz, lasterketan jarraituko du. Sailkapen orokorrean Quick Stepeko Chavanel da lider berria (9:29:24). Imanol Erbiti 56.a da, 3:26ra, Gorka Verdugo 57.a, denbora berean, eta Jose Luis Arrieta 147.a, 14:38ra. Gaur laugarren etapa jokatuko da, Vichy eta Saint Etienne arteko 173 kilometrokoa.