Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
VI. Berria Txapelketak puntako finalerdiak izango ditu, finalerako atarira iritsi diren lau taldeetatik hiru aurretik txapela jantzitakoak baitira: Irurtzun, Hernani eta Zugarralde. Lehen finalerdia bihar jokatuko da Tolosan, San Jose egunean, 10:30etik aurrera. Aurrera Saiazek, 2004ko txapeldunordeak, Burlatako Zugarralde, 2005eko txapelduna, izango du aurkari. Lehia gogorra aurreikusten da baina akaso Zugarraldekoak dira faborito. Beste finalerdian txapelketan geratzen den ordezkari sakandar bakarra ariko da: 2007an txapelduna izan zen Irurtzun. Arerio gogorra izango du, 2004an txapelketa irabazi zuen Amezketako Zazpi Iturri taldea. Bi taldeen arteko norgehiagoka larunbatean jokatuko da, , martxoaren 21ean, Hernanin, 10:30etik aurrera. Lehia ikusgarrian akaso Irurtzun da faborito, baina finalera heltzeko lan handia egin beharko dute sakandarrek. Hernani irabazita sailkatu ziren irurtzundarrakIrurtzunek talde indartsua du aurten eta igandean kadeteen eta gazteen bi partidekin aski izan zuen Hernaniren kontra jokaturako kanporaketa erabakitzeko. Gakoa kadeteetako bikoan egon zen. Irurtzungo Idoate eta Beraza partida garrantzitsuak jokatzera ohituta daude eta hori agerian geratu zen, 11-2 aurreratu baitziren markagailuan. Hernaniko Lujanbiok eta Murgiondok ez zuten amore eman baina nafarrak gehiago izan ziren, eta 22-7 hartu zituzten menpean. Gazteen mailako partidan Irurtzun taldeko Ansotegi eta Zabaleta Arrieta eta Aizpitarte II.a hernaniarren kontra aritu ziren. Pareko hasi zen lehia baina Zabaletak ordura arteko oreka hautsi zuen, piloteoan agindu baitzuen atzelariak, tantoa bukatzeko garaian ere ardura hartuz eta tartea irekiz, 14-7. Hernanikoek lan egiten jarraitu zuten eta Aizpitartek aurre egin zion Zabaletari, baina gauzak ez ziren asko aldatu eta 22-11 gailendu ziren Irurtzungoak. Ordurako finalerdietarako txartela lortua zuen Irurtzunek, eta nagusien partidan ez zegoen ezer jokoan. Hala ere Irurtzungo Ollok eta Etxeberriak Hernaniko Esnalen eta Gorrotxategiren kontra jokatutako partida polita izan zen, eta azkenean gipuzkoarrak gailendu ziren, 18-22. Gorrotxategi izan zen guztien artean nabarmendu zena.