Oilo abenturazaleak Irurtzunen

Guaixe 2009ko martxoaren 23a

Odisea en la granja animazio film mustu berria Sakanara iritsiko da gaur. Mustu berri den filmaren egileen artean daude Urko Mauduit eta Jorge Cordon irurtzundarrak. Hain zuzen ere, haien jaioterrira eraman dute filma. Irurtzungo Pikuxar euskal txokoak hartuko du filmaren emanaldia, gaur, arratsaldeko 20:00etan. Odisea en la granja animazio filma Iruñeko Sistema Arte eta Diseinu eskolako 3 D Animazio Masterreko ikasle eta irakasleen egitasmoa izan da. 3 D CGI (Computer Graphic Imagen) teknikarekin egin dute ordenagailuz. Ekimenak Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuaren diru laguntza jaso du. Ez da gutxiagorako, Nafarroan ekoiztutako ezaugarri horietako lehen proiektua izan baita. Zazpi hilabeteko lanaren ondoren, gaur iluntzean gozatu dezakegu granja bateko oilaskoen abenturez. Umorez beteriko istorioa da, batez ere gazteei zuzendua.