Ostiralean sailkapen orokorrean bigarrena den Barcelona hartu zuen MRA Navarrak Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan. Talde bikaina prestatu du aurten Barcelonak, Intersport eta El Pozo talde ahaltsuen parekoa, eta hori oso nabaria izan zen Iruñean. Izan ere Barcelonaren kalitatea agerikoa izan zen eta nahiz eta MRAk asko borrokatu, kalitate horri esker, jokoan zeuden hiru puntuak Kataluniara joan ziren. Eurek maneiatu zuten jokoa eta partida. Irurtzungoek ongi defendatzen zuten, eta berehala konturatu ziren kontraerasoa zela euren armarik handienetakoa. Horrela hasi ziren berdeen aukera nagusienak eta horrela heldu zen MRAkoen lehen gola, 10. minututan Pablok sartutakoa, Javi Eseverri kapitainak egindako pase bikain bati esker. Topera zegoen Pabilioiak pozik txalotu zuen lortutako errenta. Gainera, hortik aurrera, dominatzera pasatu zen Xota. Baina oso gutxi iraun zuen Irurtzungoen pozak, 16. minutuan Barcelonak berdindu baitzuen, hain juxtu MRA hobekien jokatzen ari zenean. Eskuinaldean ari ziren jokatzen eta ezkerraldean Carlos zegoen, bakar-bakarrik; baloia jaso eta Juanitoren atea zulatu zuen. Gainera, atsedenaldia baino lehen Saaden jokalari bikain bat borobildu zuen Fernandok, Barcelona 1 eta 2 aurreratuz. Bigarren zatian MRAk etengabeko erasoa egin zuen eta Barcelonako jokalariak defentsa lanetan aritu ziren, baina Irurtzungoek ez zuten fruiturik jaso, Cristian atezainak dena geratzen baitzuen. Gainera, MRAko atezain Juanito lesionatu egin zen eta haren partez Gascon sartu zen. Hortik aurrera Barcelonak kontraerasoa erabili zuen, eta Jordi Sanchezek hirugarren gola lortu zuen. Oraindik ere MRAkoek ez zuten etsi eta erasoan jarraitu zuten. MRAkoek jaurtitako penalty bikoitza geratu egin zuen Barcelonako atezainak eta Imanol Arregik atezain-jokalari lanetan jarri zuen Lukaian. Horrek pilota bat galdu eta Barcelonak laugarrena sartu zuen, 1 eta 4 irabaziz. Ohorezko mailako liderra Inter Movistar taldea da, 54 punturekin. MRA Navarra zortzigarrena da, liga jokatzeko play off postuetan, 30 punturekin. Galdu arren, konformeNahiz eta galdu Imanol Arregi konforme zegoen bere mutilek egindako lanarekin. "Eurek euren aukerak ongi baliatu dituzte eta guk ez. Gainera, penaltya huts egin dugu. Bi akats egin ditugu eta Barcelona bezalako talde baten kontra hori garesti ordaintzen da, lehendabiziko bi golak gure akatsen ondorioz sartu dizkigutelako" zihoen Imanolek, Barcelonako Cristian atezainak egindako geldialdiak goraipatuz. Nolanahi ere taldeak aurpegia eman zuela adierazi zuen Arregik, eta penatua zegoen pabilioia betetzen zuten zaleei garaipena eskaintzeko aukera galdu izanagatik. "Eurak bigarrenak dira eta gu zortzigarrenak, horregatik eurek kobratzen dutena kobratzen dute eta guk kobratzen duguna kobratzen dugu. Gauza batzuk entrenatu egiten dira eta beste gauza batzuk erosi" nabarmendu zuen Arregik. 8. postua jokoanLarunbatean Cartagenan jokatuko du MRA Navarrak, sailkapenean 28 punturekin bederatzigarrena den Peinsa Cartagena taldearen kontra, 18:30ean. Partida oso erabakigarria izanen da, zortzigarren postua baitago jokoan. Play off postuei eustea da kontua, eta play off-ak lehendabiziko zortzi postuak direnez, irabaztera derrigortuta dago MRA Navarra. Partida konplikatua izango da, baina ea ongi doakion.