Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean VI. Berria Txapelketako finala jokatu zuten Irurtzunek eta Gipuzkoako Bidania Goiatzeko Aurrera Saiazek. 2004an txapeldunordeak izan ziren gipuzkoarrak, eta duela bi urte txapeldun izan ziren irurtzundarrak. Horregatik akaso faboritoagoak ziren nafarrak, baina azkenean Aurrera Saiazek jantzi zuen txapela, kadeteetako eta nagusietako partidak irabazita. Hernaniko pilotalekuko harmailek itxura polita zuten, final erakargarria zenez jende asko gerturatu baitzen pilotalekura. Gainera, ikusleek partida ederrez gozatzeko aukera izan zuten. Kadeteetan galdu eta gazteenetan irabaziKadeteetako partida izan zen estuena. Aurrera Saiazeko bikoa zen faborito, Labaka eta Arratibel, baina Irurtzungoen - Idoate II.a eta Beraza - defentsako lanak partida orekatu zuen. Nahiz eta sakandarrek erraztasunik ez eman Labakak eta Arratibelek agindu zuten piloteoan. Arratibelek sekulako pilotakadak jo zituen, baina Berazak hobeto baztertu zituen, 10-11ra helduz. Hasierako oreka hori Labakak hautsi zuen, jarraian lau tanto egin baitzituen. Baina Irurtzungoek ez zuten amore eman eta markagailuan 15-16 gerturatu ziren. Bukaera oso estua izan zen, baina gipuzkoarrek bete-betean asmatu zuten pilota aldatzen, biziagoa atera eta luze jokatzen hasi baitziren. Gipuzkoarrek ondo saihestu zuten Idoate, joko guztia Berazarengana bideratuz, eta azken horrek ordaindu zuen garestien nekearen eragina. 19-22 galdu zuten irurtzundarrek. Baina gazteen partidan Irurtzunek finala berdindu egin zuen. Izan ere Irurtzungo Ansotegi eta Zabaleta ziren faborito argiak eta hala izan zen, nahiz eta hasieran partida haustea kosta. Aurrera Saiazeko Apezetxeak eta Zinkunegik jokoa nahastu zuten eta seina berdintzea lortu zuten. Baina hortik aurrera irurtzundarrak izan ziren nagusi. Zabaletak hartu zuen partidaren erritmoa eta Ansotegik ondo lagunduta, 11-1eko partziala lortu zuten. Azkenean 22-11 gailendu ziren Ansotegi eta Zabaleta. Hortaz, nagusien partidan erabaki zen txapela. Ollok eta Etxeberriak ordezkatu zuten Irurtzun, eta Renobales eta Galarraga izan ziren Aurrera Saiazeko ordezkariak. Bikain jokatu zuten gipuzkoarrek eta Ollo eta Etxeberria ere ongi aritu ziren defentsan, eta horregatik partida oso gogorra izan zen. Lau tantora ere gerturatu ziren irurtzundarrak, 8-12, baina kontrarioak gehiago ziren. Galarraga jaun eta jabe zen atzean, eta aurrean Renobalesek ongi bukatzen zuen tantoa. Tanto oso ederrekin gozatzeko aukera izan zuten zaleek. Horrela, 11-22 nagusitu ziren Aurrera Saiazekoak, partida eta txapelketa eskuratuz. Aipatzekoa da nafarrek oso itxura ona eman zutela eta hortzak erakutsi zituztela, baina lehia erabakigarrienean gehiago izan ziren gipuzkoarrak. Nolanahi ere txalotzeko moduko lana egin dute irurtzundarrek.