Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo Orritz dantza taldeko kideak Pikuxar euskal txokoan bildu ziren astearte arratsaldean, Nafarroako Dantzari Txiki Eguna aurkezteko. Maiatzaren 17an, igandean eginen dute ospakizun handia. Goizaldean Sakana guztira zabalduko dute jai giroa eta eguerditik aurrera Irurtzungo herriak harrera eginen die Nafarroako dantzari txikiei. 1000 dantzari baino gehiago espero dituzte antolatzaileek. 20 taldetik goraNafarroako Euskal Dantza Taldeen Federazioaren laguntzarekin, Orritz dantza taldeak Dantzari Txiki Egunean parte hartzeko gonbitea egin die Nafarroako taldeei. "Dagoeneko 20 bat taldek eman dute baietza" adierazi zuen Urko Mauduitek prentsaurrekoan, "baina oraindik ere irekita dago izen-ematea" gaineratu zuen. Federatu gabeko dantza taldeak ere jaialdian parte hartzera animatu zituzten. Interesatuek nahiko dute Orritz dantza taldearekin harremanetan jartzearekin, orritz@gmail.com helbidean edo 675 36 52 56 telefonoan. "Parte-hartzaileek bazkaria ordaindu beharko dute, baina haiendako bereziki prestatu ditugun boletoei esker, doan atera dakieke irteera. Kilometraje gastuendako ere laguntza izanen dute" animatu zituen Urko Mauduitek. Antolatzaileek 1000 umetik gora espero dituzte Nafarroako Dantzari Txiki Egunean. Asistentzia ziurtatu duten 20 taldeen artean, dagoeneko badira 800 haur eta gazte. Horien artean daude Sakanako dantzariak: Altsasu eta Etxarri Aranazko Etorkizuna dantza taldeko kideak, sortu berri den Urdiaingo taldekoak, Lakuntzako Elai Alaikoak, Uharte Arakilgo Galtzorratzekoak eta, nola ez, Orritzeko dantzari txikiak. Sakandar guztiondako festaOrritz dantza taldeak Sakana osora zabaldu nahi izan du ospakizuna. Hori dela eta, Sakanako udal guztiei eskaini zieten dantza ikuskizuna. "Oraingoz, Olaztiko, Altsasuko, Etxarri Aranazko, Lakuntzako eta Arakilgo Udalek eman dute baietza" esan zuen Urkok. Herri horietan banatuko dituzte Nafarroako txoko guztietatik etorritako dantza taldeak eta goizean goiz, 11:00etan, dantza saio ederrak eskainiko dituzte. Irurtzunerako bidea hartuko dute ondoren eta, bertan bilduta, kalejira erraldoia eginen dute talde guztiek herriko kaletan barna, 13:00etan. 13:30ean izanen da ekitaldi nagusia, herriko plazan. Dantza saio horien guztien ondoren, ongi merezitako bazkaria izanen da denendako Irurtzungo plazan, 14:45ean. Helduendako bazkaria etorriko da atzetik. Udaberriko eguraldi goxoa espero dute antolatzaileek maiatzaren 17rako. Baina, badaezpada, eguraldi txarra egingo balu ere, prest izanen dituzte aterpeak: pilotaleku edo kiroldegiak hartuko dituzte ekitaldiak. Oskorriren kontzertu bereziaBazkalosterako, arratsaldeko 17:00etarako utzi dute ekitaldi azpimarragarriena, Oskorriren kontzertua. "Kontzertu berezia izanen da" adierazi zuen Urkok, "musika talde ezagunak Hi ere dantzari disko zaharreko doinuak ekarriko ditu Irurtzunera". Dantza Federazioaren eskaera aintzat hartuta, orain 20 bat urte argitaratu zuen Oskorrik aipatutako diskoa. "Orduz gero dantzari belaunaldi guztiek disko hori izan dugu lagun gure formazio urtetan" ekarri zuen gogora Irurtzungo dantza taldeko kideak. Horregatik proposatu zioten Oskorriri Hi ere dantzari diskoko kantuak ekartzeko. "Esan beharra dago erantzun paregabea eman digula taldeak" adierazi zuen Urkok "aitzakiarekin orain 20 urteko musikariak itzuliko dira taldera eta dantza berrien musika gehitzeko prest ere agertu dira". Euskal talde ezagunaren doinu ederrak dantzatzen emanen diote amaiera egunari. Zalantzarik gabe, Nafarroako Dantzari Txiki Eguna despeditzeko modu paregabea. 20. urtemugako ospakizuna1989an sortu zen Irurtzungo Orritz dantza taldea. Orduz geroztik euskal dantzak ikasteko eskola paregabea bilakatu da ehunka irurtzundarrendako. Herrian ez ezik Euskal Herriko hamaika txokotan eta Europan barna erakutsi dute haien abildadea. 20 urte geroago osasuntsu jarraitzen du dantza taldeak, eta horrek behar bezalako ospakizuna merezi duela iruditu zaie Irurtzungo dantza taldeko kideei. "20. urtemugako ospakizunekin lan gutxi genuenez, Nafarroako Dantzari Txiki Eguna antolatzea erabaki dugu" adierazi zuen barre artean Ana Baldak. 20. urteurrena ospatzeko udaberriko ekitaldi nagusia izanen da maiatzaren 17koa. "Apustu handia izan da" onartu du Urko Mauduitek. "30.000 euro inguruko aurrekontua du ospakizunak eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntzak hutsaren hurrengoak dira. Irurtzungo Udalaren, Sakanako gainerako Udalen eta, batez ere, herritarren laguntzarik gabe ezinezko litzateke hau antolatzea" esan zuen. 100 boluntariotik gora beharko dira Dantzari Txiki Egunean. Urkok herri mugimenduen eta gurasoen prestutasuna eskertu du.