Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Poesia eta musika uztartuta ikusi nahi dituenak Irurtzunerako bidea hartu beharko du gaur. Herriko kultura kontseiluak antolatuta, El humo azul ikuskizun poetiko-musikala eskainiko du Cafe con versos taldeak. Objektuen emozio ezkutuak izanen dituzte hizpide artistek. Erronkariko haur baten begirada hartuta, egunero erabiltzen diren objektuak izanen ditu hizpide Iñaki de Miguelek. Haien emozio ezkutuak islatzen saiatuko da. Halaber, kaleko jokoetan, eskolan, zineman, elizan, Gabonetan, udan bizi izandako sentipenak ekarriko ditu gogora. Landa eta hiri ingurumena, modernoa eta zaharra, natura baliabideak eta pertsonak, horien arteko harremana ulertzeko beste ikuspuntu bat emanen digu ikuskizunak. Iñaki de Miguel bera da egilea. Bere hitzei Eva Niñok jarriko die musika. Sakanan aski ezaguna den Angel Sagüesen zuzendaritzapean ariko dira bi artistak. Gaueko 21:30ean emanen diote hasiera emanaldiari, herriko kultur etxean. 3 euroren truke belarriak eta arima goxatzeko aukera bikaina.