Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Itxipuru taldeak igandean bigarren eskuko elkartasun azokaren 17. edizioa antolatu zuen. Bi Aizpe pilotalekuan salgaien biltegi handia bihurtu zen egun batez. Negukoan bezala, udaberriko azoka ere El Salvadorreko kaleko haurrak laguntzeko egitasmo bat izan da lagundu nahi zena. Liberando Vidas en Riesgo para El Salvador fundazioaren Amigos para siempre aterpetxe egitasmora bideratuko du Itxipuruk jasotako guztia. Igandean saldutako liburu, arropa, elektra tresna eta bestelako objektuekin 1.604 euro eskuratu zituen Itxipuruk. Aurretik, ostiralean, Erga Larreak elkartean elkartasun afaria antolatu zuen Itxipuruk eta ekimen horren bidez, 755 euro jaso zituen. Guztira 2.359 euro bideratuko ditu Itxipuru taldeak El Salvadorreko kaleko haurren egoera hobetu nahi duen egitasmo horretara. Elkartasun azokaren osagarri, Aisialdia taldeko neska-mutilak Aste Santuan zehar antzezlana prestatu zuten eta haren emanaldia igande arratsaldean egin zuten, Bi Aizpe pilotalekuan. Hitz eginez, jolasten... kultura ezberdinen inguruan topalekua bilatu nahi izan zuten antzezleek euskaraz eta gaztelaniaz egindako antzezpenean.BalorazioaOrain arte bigarren eskuko 17 elkartasun azoka antolatu ditu Itxipuruk. Horietan guztietan 31.861 euro lortu ditu, 17 proiektutara bideratu duena. Baina Itxipuru taldeko kideak ohartu dira haien jardunarekin jada ez dutela "kanpoko proiektuak finantzatzen soilik, hemengo errealitatean ere eragiten dugu". Itxipurutik zehaztu dutenez, "jende arruntaren artean erosteko beste era bat landu dugu. Balioa eman diogu erabilitako produktuak erosteari". Itxipurutik, hala ere, zehaztu dute badagoela "jende asko erosteko beste modu bat ez daukana". Horren adierazle litzateke igandean azokak ateak zabaldu baino lehen 60 bat pertsona atean zain zeudela. Premiazko zituzten gauzak modu egokian erosteko aukera izan zen haiendako elkartasun azoka.