Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kamineroen etxean, herriaren goiko aldean du egoitza Irurtzun eskualdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Baina zerbitzuaren garrantziaz jabetuta Irurtzungo NaBaik hura herritarrei gerturatzea nahi du. Horretarako mankomunitatearen egoitza udaletxera aldatuko da, egungo liburutegira. Traba arkitektonikorik ez legoke inorendako iaz udaletxean igogailua jarri zelako. Udalaren asmoa da Espainiako Gobernuaren Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu Funtsa baliatuz (389.374 euro) eraikin berria jasotzea, udaletxe ondoko aparkalekuan jasoko da, jolas-parkearen parean. 250 metro karratuko solairu izanen ditu eraikin berriak eta goikoan liburutegia kokatuko litzateke. Udalak, bestalde, zehaztu beharra du eraikin berri horren lehen solairua zertara bideratuko duen. Aukerak bi dira: 14 eta 16 urte bitarteko gazteendako egoitza izatea, edo erakusketa gela bat. Zehaztua dagoena da eraikin berriko lanak Eycons enpresak eginen dituela 335.667,24 euroren truke (BEZ aparte) eta heldu den hilabetean hasiko direla.