Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Berriki despeditu dira Plazaolako trenaren bidearen zati baten konponketa lanak. Zehazki, Irurtzungo Udalak tren geltokia zegoen ordokiaren eta Aizkorberako errepidearen arteko zatia konpondu du. Irurtzundarrek eta nahi duen guztiak, beraz, badu pasieran ibiltzeko beste bide bat. Lasaitasun handiz gainera ariko dira oinez, handik, bakarrik, nekazal ibilgailuak ibiltzeko baimena besterik ez baitute izanen. 700 metro inguruko luzeran bidea konpontzeak 27.695 euroko aurrekontua izan du. Nafarroako Aurrezki Kutxaren "Zuk aukeratu zuk erabaki" proiektuaren bidez lortutako diruarekin ordaindu da aurrekontuaren zati handiena. Izan ere, aurreko legegintzaldian udalak egindako eskaerari erantzunez kutxako 292 bezerok diru ekarpenak egin zituzten eta 24.765,31 euro eskuratu ziren horrela. Horregatik, udalak pertsona horiei eskerrak eman dizkie. Plazaolako trenaren ibilbidea zenaren konponketa hori Irurtzungo Udalak hura berritzeko duen egitasmo baten lehen fasea da. Bigarrena tunelaren konponketa izanen da eta, horren ondoren, hirugarren fasean, tren geltokia zegoen ordokitik tunelerainoko bidea konponduko litzateke.