Lastailean hasi zen Irurtzungo Diagnosi Parte-hartzailea eta aste honetan fase berri batean sartu da. Irurtzungo Komunitate Planeko kideak ari dira herriaren diagnosi parte hartzaile hori aurrera eramaten. Oraingo honetan Irurtzunen errealitatea zein den hobeki jakiteko galdetegi motz bat banatu dute. Jasotako erantzunekin eta bileretara joaten den jendeak esaten duenarekin irurtzundarrengan "eragina daukaten gai garrantzitsuenak ezagutzeko aukera" izanen dute. InkestaAste honetan etxeetan eta herrian barna banatutako galdetegiak bost galdera ditu. Erantzulearen adina eta sexua galdetu ondoren, zein kaletan bizi den galdetzen da. Ondoren, inkesta erantzungo duten herritarrei eskatzen zaie bere kalean edo inguruan ikusten duen edo dituen arazorik handienak zein diren zehazteko. Horrekin batera, irurtzundarrei eskatzen zaie bere kalean edo inguruan bizitza hobetzeko beharrezko gauzak aipatzeko. Irurtzungo arazorik handienak zein diren galdera da galdetegian jaso den laugarrena. Eta galdetegia despeditzeko Irurtzunen bizitza hobetzeko beharrezkoa dena aipatzeko eskatzen zaie irurtzundarrei. Betetako inkestak herriko taberna, elkarte, denda eta bestelako tokitan jarritako postontzi laranjetan jartzeko aukera dago. Guztira 27 postontzi zabaldu dituzte herrian barna eta inkestak haietan maiatzaren 11ra arte sar daitezke. Antolatzaileek galdetegia betetzera animatu dituzte herritarrak. HelburuaIrurtzungo Komunitate Planeko kideek azaldu digutenez, "inkestaren helburu nagusia da herrian aldatu daitekeenaren ikuspegi orokorra izatea. Horrekin batera bizitza kalitatea hobetzeko zer beharko genukeen jakitea". Galdetegiaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, "zenbait ekarpen gehitu edo diagnosiaren jarraipen zehatzagoa egin nahi dutenek horretarako aukera" dute. Batetik, irurtzungodiagnosia@gmail.com helbidera bidali dezakete mezua. Bestela, 622 720 293 telefonora hots egin daiteke eta Andoniz galdetu. Azkenik, asteazken goizetan edo ostegunetan arratsaldeetan Kultur Etxetik pasatzeko aukera ere badago.