Olias eta Mariñelarena larunbatean lanera

Guaixe 2009ko apirilaren 30a

Irurtzungo Motoclub Pistones taldeak Supermotard Vasconavarro txapelketarako baliagarria den lasterketa antolatu du maiatzaren 2an Iruñean, Volkswagen Polo Navarra parkean, hain zuzen. 15:30ean hasiko dira entrenamenduak, 16:30ean erlojupekoak eta 17:30ean lasterketak. Supermotard motokros antzekoa da, baina supermotardean errepideko gurpilak erabiltzen dira eta motorrak suspentsioa dauka, eta ibilbidearen %70a asfaltoa izaten da eta %30a lurra. Hiru mailako lasterketak ikusteko aukera egonen da larunbatean Iruñean: 80 c.c. artekoak edo minimotardak, SM1 FUN maila eta SM2 PRO maila. Hain zuzen ere azken maila honetan Irurtzungo bi gidari arituko dira lanean: Juanma Olias eta Alex Mariñelarena. Juanma Oliasek ibilbide luzeagoa darama eta bere ibilbidean emaitza paregabeak lortu izan ditu. Alexek iaz debutatu zuen open mailan eta denboraldi bikaina egin zuen: Nafarroako txapelketako irabazlea izan zen, eta Vasconavarro eta Euskal Herrian, Asturiasen, Errioxan eta Aragoin jokatzen den Zona Norte txapelketetan hirugarrena. Iazkoa ez zen, ordea, Oliasen urtea izan, lesio gogorrak sufritu baitzituen. Ondorioz, uda ia guztia lesionatua eman zuen, lehiatu gabe, baina hala ere bigarrena izan zen Nafarroakoan, bigarrena Vasconavarron eta seigarrena Zona Norte txapelketan. Espainiako Supermotard Txapelketako Aprilia Kopan lehiatu zen Olias, baina lesioak zirela eta, ezin izan zen hainbat probatan aritu. Mariñelarena, bestalde, Espainiako Txapelketako bi probatan aritu zen. Olias Aprilia motorrarekin ariko da eta Alex Mariñelarena Hondarekin, eta euren helburu nagusia Vasconavarro txapelketa izanen da, Zona Norte eta Espainiako Txapelketarekin batera. Mariñelarena Zona Norteko Abiadura Txapelketako garaileZaragozako Zuerako zirkuituak Zona Norteko Supermotard Abiadura Txapelketa hartu zuen apirilaren 19an. Alex Mariñelarena (Honda) nagusitu zen jokoan zeuden bi mangatan, eta berak eskuratu zuen garailearen trofeoa. Mariñelarena eta Luis Carlos Maurel (TM) pilotuen arteko lehia bizia espero zen, baina Irurtzungo pilotua nagusitu zen entrenamenduetatik hasita. Aragoikoaren TM motorra ez zebilen ongi eta entrenamenduak eta gero mekanikoek ez zegoela soluziorik adierazi zuten eta Maurelek lasterketa utzi behar izan zuen. Horrela, Mariñelarenak ez zuen etsairik izan lasterketako bi mangatan, eta bera izan zen txapelduna, Alan Vilches (Honda) eta Igor Amadoren (KTM) aurretik.