MRA-k Inter Movistar liderraren kontra jokatuko du Play Off-etan sartzea

Guaixe 2009ko maiatzaren 5a

Ohorezko mailako azkenaurreko jardunaldia jokatu da asteburuan eta MRA Navarra Xotak Manacor taldea zuen arerio. Bi taldeek asko zuten jokoan: MRA-k sailkapeneko zortzigarren postuari eustea, play off-etan sailkatu ahal izateko, eta Manacorrek irabaztea, Zilarrezko Mailara ez jaisteko. Partida konplikatua zen oso, final baten antzekoa, eta dena ematera atera ziren bi taldeak. Baja garrantzitsuak zituen MRA-k: Lukaian, Pablo, Dani Fernandez eta Joel. Eta hori izugarri nabaritu zuen taldeak. Bi taldeak irabaztera atera ziren, baina hasieran ez zegoen nagusitasun argirik eta nahiz eta gol aukerak egon, bi taldeek ez zuten asmatzen. Atsedenaldia baino lehen Irurtzungo taldeak aurreratzea lortu zuen, Ossorioren jokaldi eder batekin. Bigarren zatian bi taldeak aritu ziren indartsu, txandaka. Manacorreko Paulinhok berdintzea lortu zuen baina MRA-k berehala erreakzionatu zuen. Ossoriok pase bikaina egin zion kontrako atean asmatu zuen Eseverriri, MRA bigarrenez aurreratuz. Eta ondoren heldu zen MRA-koen agonia; Manacorreko Miguelinek bina berdindu baitzuen. Hor nabaritu zen gehienbat lesionatuta dauden jokalarien falta, defentsa akats ugari egiteaz gain, fisikoki behera egin baitzuten MRA-ko jokalariek. Manacor gizon bat gutxiagorekin geratu zen, baina hala ere MRA golak sartu ezinik ibili zen. 39. minutuan Manacorreko Miguelinek gola sartu eta 2-3 aurreratzea lortu zuten, baina bi segundoren faltan, MRA-ko Eseverri kapitain handiak penaltya sartu eta hirunako berdinketa-gola sartu zuen. Imanol Arregi entrenatzaileak onartu zuen bere taldeak ez zuela irabazterik merezi, eta bajek eragin handia izan zutela nabarmendu zuen. "Nahiko gaizki eraso eta borrokatu dugu eta 4-3ko abantaila ez dugu aprobetxatu. Oso justu gaude eta presionatu ahal izateko txispa hori faltatu zaigu" adierazi zuen. Liga, pil-pileanEl Pozo Murciak kendu dio lidergoa Inter Movistar taldeari. El Pozok 62 puntu dauzka eta Inter Movistarrek 60. Nahiz eta berdindu, MRA Navarra Xotak play off-etako postuei eusten die. Zortzigarrena da, 35 punturekin. Baina bederatzigarrena den Futsal Cartagenak 35 puntu dauzka eta hamargarrena den Azkar Lugok 34 puntu. Beraz, ligako azken jardunaldia pil-pilean dago, lehen postua eta play off postuak jokoan baitaude. Gainera, MRA Navarrak arerio oso konplikatua du: lidergoa galdu berri duen eta hura berreskuratzeko irabaztera aterako den Inter Movistar. Baina Irurtzungoak ere irabaztera aterako dira, play off-etan sailkatzeko zortzigarren postua baitute jokoan. Partida Madrilen jokatuko da, larunbatean, 18:30ean, Pabellon Caja Madriden. Etxetik kanpo jokatzeak gehiago presionatuko du Imanol Arregiren taldea, eta kontuan hartu behar da taldeak baja garrantzitsuak dituela, baina dena ematera atera beharko dira. "Beste inoren emaitzei begiratu beharrean, Madrilen irabazi egin behar dugu" adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak. Ea zortea duten eta lehen zortziren artean sailkatzea lortzen duten, gero euren artean ligako titulua jokatzeko.