Olias txapeldun Polo parkean

Guaixe 2009ko maiatzaren 7a

Larunbatean Irurtzungo Motoclub Pistones taldeak Supermotard Vasconavarro txapelketarako baliagarria den lehendabiziko lasterketa antolatu zuen Iruñeko Volkswagen Polo Navarra parkean. Supermotardean Euskal Herriko 15 pilotuk hartu zuten parte. SM2 PRO mailan Juanma Olias (Aprilia) eta Alex Mariñelarena (Honda) lehiatzekoak ziren, baina azkenean soilik Oliasek parte hartu zuen. Entrenamenduak eta gero bi manga osatu behar zituen gidari bakoitzak, eta manga bakoitzean sailkatutako hirurek saria jaso zuten. Oliasek denbora onena egin zuen klasifikazioko entrenamenduetan, lasterketarako irteerarako lehen postua, pole-a lortuz. Lehendabiziko mangan erorikoa izan zuen Oliasek eta azkena izatetik bigarren postura igotzea lortu zuen. Bilboko Abel Urizabarrena izan zen lehena eta Olias bigarrena. Bigarren mangan, aldiz, Juan Mari Oliasek gurutzatu zuen helmuga lehen postuan, azken itzulian Abel Urizabarrena pilotua gainditu eta gero. Vasconavarro txapelketarako baliagarria den hurrengo proba maiatzaren 30ean jokatuko da toki berean, Iruñeko Polo parkean, Motoclub Pistones taldeak antolatuta.