El Pozo, play off-etako lehenengo arerioa

Guaixe 2009ko maiatzaren 11

Irurtzungo MRA Navarra taldeak sekulako balentria lortu zuen larunbatean Madrilen, Intermovistar talde ahaltsuari azken segundotan irabazi baitzion, sailkapenean zortzigarrena sailkatuz eta bide batez Liga titulua erabakitzeko play off-etara sailkatzea lortuz. Partida oso konplikatua izan zen, aurreko jardunaldian lidergoa galdu baitzuen Intermovistar taldeak liga irabaztea baitzuen buruan, berriki UEFA Futsal Cup irabazi eta gero. Jakina, horretarako irabazi beharrean zegoen Europako talde onena. MRAk ere asmo bera zuen, irabaztea, play off-etarako sailkatzeko. Bada, asko jokatzen zen partidan asko sufritu eta gero irabaztea lortu zuten irurtzundarrek, kontrakoen etxean. Lehen zatia nahiko aspergarria izan zen, Intermovistarrek geldo jokatu baitzuen. Baina Eseverrik aurreratu zuen MRA markagailuan, 17. minutuan. Atsedenaldia eta gero Inter Movistar gola lehenbailehen sartzeko asmotan hasi zen lanean eta lau minutura berdinketaren gola lortu zuen Danielek. Eta segidan iritsi zen Schumacherren gola, Intermovistar 2-1 aurreratuz. Imanol Arregik 35. minutuan atezain-jokalari jarri zuen Araça eta defentsan aritu ziren irurtzundarrak, kontraerasoan gol aukerak sortzeko asmoz. Horrela, Ugek bina berdintzea lortu zuen penalty bikoitza sartu eta gero. EpikoaIntermovistarrek ere Schumacher atezain-jokalari jarri behar izan zuen eta lehia gogorra izan zen. Partida despeditzeko 8 segundo falta zirenean Irurtzungo kapitain Eseverrik garaipenaren gola sartu zuen, MRAkoen zoramenaren artean. Horrela, azken segundotan garaipena lortzeaz gain, zortzigarren postuari eutsi zioten eta play off-etarako sailkatzea lortu zuten MRAkoak. Imanol Arregi entrenatzailea kontentu zegoen mutilek egindako lanarekin. "Epikoa izan da, Europako txapelduna bere etxean garaitu behar genuelako eta baja inportanteak genituelako. Baina mutilek sekulako lana egin dute eta oso kontentu nago" zioen irurtzundarrak. Sailkapen orokorrean El Pozo izan da lehena, 65 punturekin, Inter Movistarri 5 puntuko aldea atereaz. MRA Navarra zortzigarrena izan da, 38 punturekin. Aipatutako hiru talde hauetaz gain Barcelona, Lobelle, Benicarló, Tien 21 eta Caja Segoviak lortu dute play off-etarako sailkatzea. El Pozo hartuko du MRAkLiga titulua erabakitzeko play offak asteburuan hasiko dira. MRA Navarra Xotak sailkapeneko liderra izan den El Pozo izango du aurkari ostiralean, 20:30ean, Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan. Partida oso konplikatua izanen da, baina ea Intermovistarren kontrako balentria bera lortzen duten. "Izarrez betetako sekulako taldearen kontra aritzea tokatzen zaigu, eta azkenera arte borrokatzea da tokatzen zaiguna. Eta kanporatzen bagaituzte burua oso tente dugula joatea" azaldu du entrenatzaileak. Zaleen animuak ezinbestekoak dira eta beraz, Iruñera gerturatzeko deia egin du MRAk. Lukaian eta Pabloren bajak izanen ditu MRAk, baina Dani Fernandezen eta Joelen egoerak onera egin du eta baliteke ostiralean jokatzeko moduan egotea.