Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo Iratxo elkarteak 25 urte bete ditu eta efemeridea bikain ari dira ospatzen. Aurreko asteburuan, esaterako, Juantxo Madariagaren eta Carlos Vilchesen hitzaldietara jendea poliki bildu zen. Belceblues taldeak larunbateko afaria girotu zuen eta ordu txikiak arte aritu ziren Iratxokoak. Eta igandean goiz esnatu ziren, Ergara igo baitziren, mendizaleen gutunontzia jartzera. Ekitaldi xumea, baina ederra izan zen, aurreskua, auzatea eta beste izan baitziren. Mendizale batzuk bertso ederra kantatu zuten aterpean: Astigarratik gatozzuei kantatzeraondo bete nahidegu gure paperazuen urteurrenazilarra gainerazuenganako deguesker on soberakantatzeko eratxorien antzeragu denok bateranolako aukeraberriro ere hona(e)torriko gera (ber.)Alex eta Iñigo.Horrekin batera Iratxoko Mendi Taldeak kirol materialaren erakusketa antolatu zuen asteburuan, Sakanako Ibilaldi Handiko kartelak, egutegiak, diapositibak eta beste ikusgai jarrita. Bihar egun handiaBaina ekitaldiek segida izanen dute asteburuan. Gaur, ostiralean, 20:00etan, egungo alkate Txiki Iriartek, alkate izandako Eduardo Murugarrenek eta kultur teknikari Patxi Mikeok hitzaldia eskainiko dute, "1984-2009. Irurtzun, gizartea, kultura eta politika" gaia hartuta. Herriari errepaso bikaina emateko aukera emango du hitzaldiak. Bihar Bazkidearen Eguna ospatuko dute Iratxon. Elkarteko ateak irekita izanen dira herritar guztiendako, eta Irurtzungo elkarte, talde eta kolektibo guztiak gonbidatu dituzte 11:00etatik aurrera eginen den ekitaldira. Lokala bisitatzeaz gain, Iratxoren historiaren proiekzioa, botxa erakusketa eta auzatea izanen dira. Ospakizunekin jarraitzeko arratsaldean Iratxoko bazkideek kalejira eginen dute herrian barna eta 22:00etan afarian bilduko dira, afalondoan mariatxiekin gustura kantatu eta dantzatzeko. Gainera, maiatzaren 10etik aurrera Iratxoko ekitaldien inguruko erakusketa iraunkorra dago ikusgai elkartean. Hurrengo larunbatean despedituko dira ospakizunak. Iratxoko bazkideak kafe tertulian bildu eta solasaldia eginen dute, "Iratxo 25 urtez" gaia hartuta.