Mikel Okiñena Begiratu eta irudikatu erakusketan

Guaixe 2009ko maiatzaren 19a

Lizarrako ikastolak Begiratu eta irudikatu erakusketa mustu zuen joan zen ostegunean, Lizarrako La Rua kaleko Anai Diego kultur etxean. Artista askok bat egiten dute erakusketa koloretsu honetan. Euskal Herriko 12 artista ezagun daude batetik, Mikel Okiñena irurtzundarra tartean. Haien lanen ondoan Lizarrako ikastolako haurrek egindako interpretazio plastikoak egonen dira. Ibilbide luzea du Lizarrako ikastolak antolatutako erakusketak. 2004ko Artea Oinez erakusketa prestatzen ari zirela, Nestor Basterretxeak esan zien egoki litzatekeela arte lanak, helduengana ez ezik, ikasleengana ere hurbiltzea. Haurrak artearen ikaskuntzan inplikatzeko modu egokia iruditu zitzaion. Horrela sortu zen Begiratu eta irudikatu erakusketa. Arte lanak ikasleen gelan sartzen dituzte, hauek obrak ikusi, ukitu eta ezagutu ditzaten. Ondoren, nahi duten teknika erabiliaz, lan horrek esaten diena adierazten saiatzen dira ikasleak. Esperientzia aberasgarria da bai ikasleendako, bai artistendako. Arte lan orijinalak eta ikasleen interpretazioak bat egiten dute Begiratu eta irudikatu erakusketan.