Errenta handia lortu du El Pozok

Guaixe 2009ko maiatzaren 18a

Ostiralean Ohorezko mailako titulua erabakitzeko play off-ak abiatu ziren. Joaneko partida jokoan, MRA Navarrari liga erregularra irabazi zuen El Pozo Murcia talde indartsu eta ahaltsuaren kontra aritzea tokatu zitzaion. Etxean jokatu zuten nafarrek, eta 2.800 zale hurbildu ziren Iruñeko Pabilioi Unibertsitariora Irurtzungo taldea animatzera. 3-8 galdu zuten irurtzundarrek, eta itzuliko partidarako abantaila handia lortu zuen Murtziako taldeak. Emaitza ikustean El Pozok MRA goitik behera dominatu zuela ondoriozta daiteke, baina ez da horrela, partidako une askotan MRA izan baitzen dominatzailea. Baina areto futbola horrelakoa da eta, behar izan zuenean El Pozok bere kalitate bikaina eta efektibitatea erakutsi zituen. Lehen zatian parez-pare ibili ziren bi taldeak, baina El Pozokoak bi goleko errentarekin joan ziren atsedenaldira, 0-2. Bigarren zatian Eseverrik 1 eta 2koa lortu zuen, baina El Pozoko Saulek berehala sartu zuen euren hirugarrena. Penalty jaurtiketetan ere ez ziren fin ibili irurtzundarrak, bi huts egin baitzituzten, baina Dani Fernandezek asmatu eta 2-3ra mugitu zen markagailua. Oraindik ere irabazteko aukerak zituen MRAk. Baina hortik aurrera El Pozoren jokalarien kalitatea agerian geratu zen, Mauriciok MRAko jokalari guztiak erregateatu eta gero 2-4a lortu baitzuen eta Ciçok bosgarrena sartu baitzuen. MRAren hirugarren gola etorri zen segidan eta Imanol Arregi entrenatzaileak Fernandez atezain-jokalari lanetan jarri zuen. Irurtzungoak saiatu ziren baina El Pozoren efektibitatearekin egin zuten topo eta minutu batean hiru gol sartu zituzten murtziarrek, 3-8 irabaziz. Egia esan partida ona egin zuen MRAk, baina efektibitate gehiago izan behar dutela agerian geratu zen. Imanol Arregi entrenatzailearendako "pistan ikusi zenarekin alderatutapartidaren emaitza oso injustua izan zen". Bere ustez partida berdinduta egon zen eta MRAk partida ona egin zuen, baina El Pozokoek "hartu zuten guztia sartu zuten", eta hor egon zen bi taldeen arteko ezberdintasuna. Ostiralean, hilaren 22an, Murtzian jokatuko dute bi taldeek, 21:00etan. Play off-etan aurrera egitea oso konplikatua du Irurtzungo taldeak, baina El Pozoren kontra ahal den hobekien aritzen saiatuko dira. "Egoera oso aldapatsua jarri zaigu baina borrokatzera atera behar gara, badakigu zer dagoen" dio Arregik. Ea berri onak datozen Murtziatik.