Bukatu da denboraldia MRA Navarrarendako

Guaixe 2009ko maiatzaren 25a

El Pozo ohorezko mailako talde onenetakoa dela agerian utzi zuen, play off-etako itzulerako partidan 6-2 hartu baitzuen menpean MRA Navarra. Egia esan aurrera egitea oso konplikatua zuen Irurtzungo taldeak, joaneko partidan 3-8 galdu baitzuten, baina dena ematera atera ziren Imanol Arregiren mutilak. Ongi hasi ziren Imanol Arregiren gizonak, baina El Pozok bere kalitatea berehala jarri zuen agerian. Murtziarrak izan ziren jaun eta jabe, 6-2 irabaziz. MRAkoek galdu egin zuten, baina Europako talde onenetako baten kontra.Imanol Arregik El Pozo zoriondu zuen "lortutako garaipenagatik, baina ez moduarengatik, ez baitzait taldekide batzuen jarrera gustatu. Galtzen eta irabazten jakin behar da eta El Pozok ez du irabazten jakin izan" azaldu zuen teknikoak. Bere jokalariek egindako lanarekin oso pozik zegoela gaineratu zuen teknikoak "lehen zati ona egin dugulako, soilik estrategia jokaldietan min egin digutelako eta partida bukaerara arte ez ditugulako besoak jaitsi". Play off-etan jokalari gazteak lehiatu izanagatik ere kontentu zegoen entrenatzailea. "Etorkizunerako inbertsioa dira gazte hauek" zioen. Nolanahi ere El Pozoren nagusitasuna nabarmendu zuen. "El Pozo sekulako taldea da, guztia dauka. Halako maila eta aurrekontu duten taldeekin lehiatzea oso zaila da" adierazi zuen. Denboraldiko helburuak bete direla ondorioztatu du Imanol Arregik, lehen bueltan egoera oso konplikatuan egotetik bigarren bueltan egoerari buelta eman eta play off-etan sailkatu baitzen MRA.