Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo kiroldegiak kontzertu jendetsua hartu zuen joan zen ostiralean. Lekunberriko, Iruñeko Biurdana eta Mendillorri institutuetako eta Irurtzungo Atakondoa institutuko DBHko ikasleek kontzertu erraldoia eskaini zuten. 300 ikaslek bat egin zuten kiroldegiko agertokian. Txirula izan zen kontzertuko protagonista nagusia, hori baita ikastetxean lantzen duten tresna. Baina bestelako instrumentuak ere lagun izan zituzten: bateria, gitarra, saxofoia, trikitixa... Bertan bildutakoek estilo ezberdinetako piezak entzuteko aukera izan zuten: bertakoak nahiz kanpokoak eta garai ezberdinetakoak. Ilbeltzean hasitako lanak fruitu ezin hobea eman zuen. Helburu bikoitza zuen ekimenak: batetik, ikasturtean landutakoa erakusteko modu erakargarria iruditu zitzaien irakasleei. Bestetik, DBHko 3. mailatik aurrera ikaskide izanen direnen arteko lehen hartu-emana bultzatzea nahi zuten. Izan ere, "Lekunberri eta Irurtzungo ikasleek Iruñeko Biurdana institutuan eginen dituzte DBHko 3. eta 4. mailak" azaldu digu Begoña Mitxeok. Antolatzaileek zorionak eman zizkieten parte hartu zuten guztiei. Bestalde, esker hitzak izan zituzten ekimena gauzatzeko bidea zabaldu zietenendako: udala, udal langileak, kultur batzordea, guraso elkartea eta parte hartu duten ikastetxeak.