Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hurrengo denboraldiari begira ari dira lanean, dagoeneko, Irurtzungo Xota klubean. Jakin izan denez krisi ekonomikoaren ondorioz babesleen laguntzak jaitsi egin dira. Aurtengo denboraldian 1,2 milioi eurokoa izan da MRA Navarraren aurrekontua, eta hurrengokoa ia erdira jaitsiko dela aurreratu dute. Nolanahi ere, Tatono Arregi presidentea pozik eta eskertuta azaldu da MRA babesle nagusiak proiektuan jarraituko duelako, nahiz eta egindako inbertsioa jaitsi behar izan. "Krisia gogorra da eta aurrekontua egungo garaietara egokitu behar dugu, ez dago besterik. Hala ere MRAk gurekin jarraitzea poztekoa da" dio presidenteak.Horregatik kluba katxe altuena duten jokalariak utzi beharrean da: Lukaian eta Pablo brasildarrak eta Joel portugaldarra. Hirurei esan diete klubak ezin diela euren fitxei aurre egin eta horretaz gain klubak baloratu du ez direla ezinbestekoak. Izarrei edo diferentzia markatzen duten jokalariei begiratu beharrean, taldea edo multzoaren esentziaren alde egingo du MRAk, harrobiko jokalarien eta beteranoen arteko taldea sortuz.Hala, Javi Eseverrik jarraitu eginen du, Mario Ossorio, Rafa Usin eta Roberto Martil, David Gascon, Juanito, Araça, Robert eta Ugerekin batera. Guztien gidari lanetan Imanol Arregi teknikari irurtzundarrak jarraituko du. Denboraldi berria prestatzeko gogo handiak ditu Arregik. Aurrekontu arazoengatik Zilarrezko Mailako merkatua aztertzen ari dira eta Jesus Antonio Solano "Jesulito" jokalaria fitxatu dute dagoeneko. Besteren bat ere helduko dela diote. Momentuz oporretan daude.