Trinitateak festa dakar

Guaixe 2009ko ekainaren 5a

Asteburuan festa giroa nagusi izanen da Irurtzunen. Gaur bertan hasiko dira Trinitatearen omenezko ospakizunak. Egitaraua zabaltzeko, 16:00etan, master mailako Nafarroako txirrindula itzuliaren 1. etapa jokatuko da. Txirrindulariak errepidean lehian dauden bitartean Foruen plazan eskulan, margo eta ehoziri ikastaroetan egindako lanak ikusgai izanen dira.  Munduko arrozakIrurtzun eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Immigrazio Zerbitzuak eta Itxipuru taldeak antolatuta, bihar munduko arrozak ekimena izanen da. Foruen plazan, 11:00etatik 14:00etara, Maroko, Txile, Ekuador, Aljeria, Senegal eta Irurtzungo erara arroza nola prestatzen den ikusi eta ikasteko aukera izanen da. Hango eta hemengo usainekin batera, bateko eta besteko musikak ere entzun-gai izanen dira. Helduak lapikoen ondoan biltzen diren bitartean, txikienak Aisialdi Taldeak antolatutako munduko jolasekin gozatzeko aukera izanen dute. Henna tailerra ere izanen da plazan. Mundu guztian jaten den arrozaren inguruan bilduko dira irurtzundarrak. Plazan sukaldariak dauden bitartean, eguerditik aurrera, frontoian Sakanako frontenis txapelketaren finala jokatuko da. Arratsalde eta gau partean, berriz, musika izanen da nagusi Irurtzunen. Bixentek dantzarako doinuak 19:30etik 21:30era jarriko ditu. 23:30ean, berriz, doinu gogorren zaleak hitzordua Larrazpin dute. ErgaraIgandean Erga gaineko ermita bere inguruko herrien bilgune bihurtuko da atzera ere. Erromesak mendira igo eta bi elizkizun izanen dituzte han. Lehena, 11:00etan, euskaraz eta bigarrena, 12:00etan, gaztelaniaz. Meza eta gero, Irurtzungo trikitilariek giroa alaituko dute eta bildutakoei otamena eskainiko zaie. Menditik jaitsi eta gero, arratsaldean haurrendako eskaintza izanen da nagusi. 17:00etatik 20:30era Kacharros a Gogo haurrendako parkea izanen da.