Arrozetik sortutako sareak

Guaixe 2009ko ekainaren 11

Trinitate festak Munduko arrozak ekimena ekarri zuen larunbatean Irurtzungo plazara. Osasun Etxeko estalpean suak piztu eta han arroza hainbat eratara prestatzen hasi ziren hainbat sakandar berri, baita irurtzundar batzuk ere. Batzuk eltzeen inguruan jakin-minez zebiltzan bitartean, haurrak munduko jolasekin primeran pasatzeko aukera izan zuten. Senegalgo doinuak ere entzun ziren Irurtzungo plazan. ArrozakIrurtzunen bizi diren Sanou Faige eta Maty Doiuf ama-alaba senegaldarrak, baporean prestatu zuten arroza, barazki eta arrainekin lagunduta.  Altsasuko ekuadortarren elkarteko Duber Figeroa eta Carlos Arroyok arroza barazki eta langostinoekin prestatu zuten. Barazki salteatuak arrozari gehitu eta langostinoekin borobildu zuten. Duberrek esan zigunez, "hemen ogia den moduan, arroza herri askotan plater bakarra da". Paola Ferrari eta Mario Nilo Etxarriko txiletarrak "elkarbizitza estuagoa izateko" parte hartu zuten munduko arrozetan. Txileko ohiko plater bat egin zuten, arroza muskuiluekin. Lehenik arroza pixka bat frijitu zuten. Ondoren ur beroa gehitu zuten eta atzetik muskuiluak, perrexila, baratxuria, piperra eta gazta gehitu zioten. Gainera, baporean egindako muskuiluak ere eman zituzten. Marokoko Rif eskualdetik Irurtzuna etorritako Oirda, Zakiya, Nasima, Ilham, Hanan eta Rabiak arroza oilaskoarekin prestatu zuten jendeak dasta zezan. Horrekin batera tea eskaini zuten eta henna margoak ere egin zituzten. Haien aldamenean, Aljeriako Yamilak arroza oilaskoarekin eta beste hainbat osagairekin egin zuen: baratxuriak, baratxuri berdeak, tipula, azenarioa, babarrunak eta txanpinoiekin. Betiko paellak ere egin zituzten. Alde batetik, gerora parrandarako indarrak hartzeko baliatu zuten 20 kideko lagun koadrila eta, bestetik, Asride-Larrakil elkarteko 4 kidek. BalorazioaAntolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute, bai parte-hartze aldetik, bai hara hurbildu zen jendearen aldetik ere. Ehundik gora izan ziren arroza dastatu zutenak eta mordo handi bat jokoetan parte hartu zuten haurrek. Hala ere, garrantzitsuena parte hartu zuten sakandar berriek ateratako ondorioa izan zen. Antolatzaileek esan digutenez, "haien bizipenak herrian hobeak dira, jende gehiago ezagutu baitute eta orain artean agurtzen ez zituzten pertsonek agurtzen baitituzte". Irurtzundar berriek esperientzia maizago errepikatzea proposatu dute. Antolakuntzan ibili direnek "kultur artekotasunaren bidean pauso txikia baina oso garrantzitsua eman" dela uste dute.