Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bi egun baino ez dira falta iganderako. Egun arrunta izanen da sakandar askorendako, baina Arakilgo gazte talde batek urduritasunez begiratuko dio egun horri. Ez da gutxiagorako, egun horretan ikusiko baitute lehen aldiz haien burua pantaila handian. Desaparición(es) en la Pensión Tralará da mustuko den film laburra eta Irurtzungo eta inguruko herrietako 12-16 urteko 20 bat neska ditu protagonista. Saio bikoitza eskainiko dute Irurtzungo kultur etxean, igandean, 18:00etan lehenengoa eta 19:00etan bigarrena. Kultur etxean bertan eskura daitezke gonbidapenak, ordu erdi lehenago. AntolatzaileakIrurtzungo Aisialdi Taldeak eta Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek antolatutako ekimenaren emaitza da filma. Duela bi urte inguru osatu zuen guraso boluntario talde batek Irurtzungo Aisialdi Taldea. Sorreratik, 3-12 urteko aisialdia landu dute, batez ere. Aurten 12-16 urteko gazteengana zabaldu nahi izan dute. Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen laguntza izan dute horretarako. Bertako hezitzaile Ekiñe Ramosek azaldu digunez, "gazteendako jarduera polita iruditu zitzaigun antzerkia lantzea. Erkuden de Andresekin harremanetan jarri eta bera arduratu da guztiaz". FilmaArakilgo 12-16 urteko 20 bat gaztek eman zuten izena ekimenean, "neskak denak ere" esan digu Erkuden de Andresek etsipenez. Antzezpenaren sekretuz jabetzea izan zen lehen lana. Zortzi bat astez, larunbatero-larunbatero, bi orduko saioak egin zituzten Irurtzunen. "Desinhibizioa eta inprobisazioa landu ditugu, batez ere, taldeka nahiz bakarka" azaldu du irakasleak. Lan hori eginda, kameraren aurrean jartzeko prest zeuden.Gazteen ideietatik eta zinemaren historiak utzitako harribitxi batetik abiatuta, Erkudenek berak egin zuen film laburraren gidoia. "Agata Christie-ren Asesinato en el Orient Express liburuan oinarritutako film miragarriari omenaldi xumea egin nahi izan diot" esan digu Erkudenek. Trenean izandako hiletak markatzen du Agata Christie-ren liburua. Desaparicion(es) en la Pensión Tralará filmean, berriz, pentsioa izanen da eszenatokia eta gertakaria desagerpena. Desagertutako Mrs. Ratchett-en bila ariko da Hercules Poirot. Suspentsea eta jolasa izanen dira film laburraren ardatzak. Erkuden de Andresek zuzendu du filma. Grabazio eta muntaketa lanak, berriz, Urko Mauduitek egin ditu. Igandean ikusiko dugu artista horien lanaren fruitua.