MRAren helburua Ohorezko Mailan mantentzea izango da

Guaixe 2009ko ekainaren 25a

Klub batzuk sekulako dirutza mugitu arren, krisia asko nabaritzen da kirol klubetan. Atzo prentsaurrekoa egin zuten Irurtzungo Xota areto futboleko ordezkariek, hurrengo denboraldirako dituzten asmoak azaltzeko. Iaz 1,3 milioi euroko aurrekontua izan zuen MRA Navarrak, eta aurten 780.000 euro inguru mugituko ditu. Horregatik 2009-2010 denboraldiko helburua ohorezko mailan mantentzea izango dela adierazi zuen Xotako presidente Tatono Arregik, eta "ekainera zorrik gabe iristea". MRAk taldea babesten jarraituko du urte batez eta Xotatik izugarri eskertu dute hori. "15 urte daramatzate gu babesten eta krisi garaian gurekin jarraitzea txalogarria da". Bestalde, Nafarroako Gobernuaren diru laguntza jasoko dute eta beste esponsorrak bilatzen ari dira. Gastuak murrizteko fitxa altuena zuten jokalariei - Lukaian, Joel, Pablo eta Dani Fernandez - baja eman die taldeak, eta geratu diren jokalariak euren ordainsariak murriztea onartu dute proiektua bideragarria izateko. Taldeari dagokionez, Imanol Arregi entrenatzaileak urte pare batetarako berritu egin du kontratua eta MRAk Carnicer taldeko Cuco jokalari gaztea fitxatu du "azkarra, abila eta talde jokalaria". Fitxaketa honi Jesulitorena gehitu behar zaio. Bestetik, hurrengo urteko abonoak merkeago izanen direla adierazi dute. "Xota talde umilagoa izango da, baina gartsuagoa, ilusioz betetakoa".