Madrilgo Masterrak ihes egin dio Nagoreri

Guaixe 2009ko ekainaren 29a

Madrilgo Tetuan auzoko kiroldegiko pilotalekuak hartu du Frontisek antolatutako lau t´erdiko Madrilgo Masterra. Jorge Nagore irurtzundarra finalerako sailkatu zen, final laurdenetan Bengoetxea VII.a eta final erdietan Mikel bidean utzi eta gero. Finalean Egoitz Amantegirekin aritu zen kaiolako espezialista. Madrilgo pilotalekua bete zuten zaletuek Nagore jotzen zuten faborito, Amantegik finalerdietan Ander Antxia irabazteko oso lan gogorra egin behar izan baitzuen, eta horregatik babesgarriarekin atera zen kantxara. Baina Amantegi oso gogotsu kantxaratu zen, inork espero ez zuen moduan, lehendabiziko jokoan gailenduz eta Nagore sorpresaz hartuz (7-10). Bigarren jokoan Nagore bere onera itzuli eta argiki nagusitu zen (10-4). Hortaz, hirugarren jokoan erabaki zen txapela, bost tantoko jokoan. Sekulako indarra erakutsiz, Egoitz Amantegi nagusitu zen hirugarren jokoan (3-5), Madrilgo Masterra irabaziz. Nagore zorian egon da, baina ezinezkoa izan da. Nagore aurrera Nafarroako lau t´erdikoanNahiz eta Madrilgo Masterra galdu, Jorge Nagore aurrelari irurtzundarrak aurrera darrai Nafarroako lau t´erdiko txapelketan, aurreko ostegunean Uharte Arakilen jokatutako final laurdenetako partidan 22-14 hartu baitzuen menpean Larramendi. Partida gogorra izan zen eta aldiren batean Larramendik estutu egin zuen irurtzundarra, baina Nagorek esperientzia eta kaiolarako duen grina erakutsi zuen eta norgehiagoka irabazi zuen, txapelketako finalerdietarako sailkatuz.