Trantsizio urtea Alex Mariñelarenarendako

Guaixe 2009ko uztailaren 2a

Supermotard motokros antzeko kirola da, baina supermotardean errepideko gurpilak erabiltzen dira eta motorrak suspentsioa dauka; gainera, ibilbidearen %70a asfaltoa izaten da eta %30a lurra. Bada, supermotardean dabilen Alex Mariñelarena irurtzundarrarendako aurtengoa trantsizio urtea da. Alexek iaz debutatu zuen open mailan Honda motorrarekin eta denboraldi bikaina egin zuen: Nafarroako txapelketako irabazlea izan zen; Vasconavarro txapelketan hirugarrena sailkatu zen; eta Euskal Herrian, Asturiasen, Errioxan eta Aragoin jokatzen den Zona Norte txapelketetan hirugarrena. Espainiako Supermotard Txapelketetako bi probatan ere aritu zen, eta ongi gainera. Honda motorrarekin aritu da irurtzundarra, baina egitasmo berrian sartu da: Gas-Gas Full Factory taldeko kide berria da Alex. "Iaz soilik Espainiako Txapelketako bi probatan aritu nintzen eta horietako batean podiora iritsi nintzen. Gas-Gas motor etxea txapelketarako motorrak probatzen ari ziren, nigana etorri eta proposatu zidaten ea Gas-Gas proiektuan parte hartu nahi nuen, baina orduan Honda motorrarekin jarraitzea erabaki genuen" azaldu du Alexek. Baina aurten Gas-Gas Full Factory taldean aritzea erabaki du Mariñelarenak, Edu Rojas pilotu katalanarekin batera. "Aurten Gas Gas FF450S motorra lasterketetan probatzea eta motorra hobetzea da helburua. Oso ilusionatuta nago, gogo askorekin" dio irurtzundarrak. Orain arte Hondarekin aritu denez ohituagoa dago motor horrekin aritzera, baina Gas-Gas motor berriak Hondaren maila eman ahal duela ez du zalantzarik. "Probak egin eta gero ez dut zalantzarik maila berera heldu ahal denik" dio. Posizioak hobetzea eta motorrarekin orduak sartzea da kontua. Aurten Zona Norte txapelketan zentratuko da Mariñelarena. Orain arte jokatutako bi lasterketak Honda motorrarekin egin zituen, baina ekainaren 20an Logroñon jokatutako hirugarren proban - Vasconavarro txapelketarako ere baliagarria zena - ezin izan zen aritu, Espainiako Txapelketako Valentziako lasterketan aritzea erabaki zuelako, baina azkenean ez batean ez bestean ez zen aritu, anginekin baitzegoen. Hala ere momentuz lider jarraitzen du Zona Norte Txapelketan, SM2 PRO mailan. Hurrengo lasterketa uztailaren 25 eta 26an jokatuko da, Teruelgo Alcañizen, eta bertan aritu nahi du. Horretaz gain Espainiako Supermotard Txapelketan lehiatzen jarraitu nahi du, bereziki Gas Gas motorra prestatzeko. "Aurten motorra ongi prestatu nahi dugu, hurrengo urtean Espainiako Txapelketan hasieratik lehiakor izateko eta topera ateratzeko. Horregatik aurtengoa trantsizio urtea da, hurrengoan lehiakorrak izateko" dio Irurtzungo pilotu gazteak. Gainera, Gas Gas taldean sartu denetik, taldeak du lasterketetara motorra eramateko ardura eta gastu gutxiago izango du Mariñelarenak. Hurrengo lasterketa uztailaren 12an jokatuko da, Pontevedrako Magdalenako zirkuituan. Vasco Navarron Olias buruBestalde, Vasco Navarro txapelketan hiru proba jokatu dira, lehenengo biak Iruñeko Polo Parkean eta hirugarrena Zintronikon. Mariñelarenak lehenean ez zuen parte hartu, baina bigarrenean SMR PRO kategoriako lehen manga irabazi zuen eta bigarrena Juanma Olias (Aprilia) irurtzundarra izan zen; bigarren mangan, aldiz, Olias izan zen nagusi eta bigarrena Mariñelarena, posizioak aldatuz. Ekainaren 21ean Zintronikon hirugarren lasterketa jokatu zen eta Oliasek irabazi zituen bi mangak; Mariñelarena ez zen aritu. Txapelketako buru Olias da, 145 punturekin eta bigarrena Mariñelarena da, 45 punturekin.