Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Fran Idaretak lanean jarri du atzera ere infernuko hauspoa. Horren maite duen akordeoia esku artean hartu eta disko berria grabatu du, Caminos de un reyno diskoa. Azken diskoan, Irurtzungo akordeoilari handiak Nafarroa zeharkatzen duten 4 Santiago Bideak izan ditu inspirazio iturri. Bereziki nabarmendu nahi izan ditu toki enblematikoenak, Otsagabia eta Eunate esaterako. Diskoa7 abestik osatzen dute diskoa, guztiak ere Fran Idaretak egin edo moldatutakoak. Pisu handia dute abesti herrikoiek, irurtzundarraren birtuosismoa erakusteko pieza bikainak.Abesti hauetaz gozatzeko aukera emanen digu diskoak: Iauzika bidetik abestiak ematen dio hasiera diskoari, Zazpi Iauzi herrikoiaren bertsioak. Ondotik dator Ruta del Baztan, Lanzeko ihoteak herrikoian oinarritua. Camino-Aragones-Ruta del Ebro dator ondotik, Fran Idaretak sortutako abestia. Roncesvalles dator jarraian, Idaretak sortua hau ere. Kantu herrikoiei lekua eginen die, atzera ere, Camino Frances obrak, Axuri beltza, Makilarena eta Ipurdi dantzaren bertsioarekin. Fran Idaretaren Eunate abestia etorriko da ondotik. Azkenik, Minotaurus abestiak ixten du diskoa, Fran Idaretaren izen bereko obraren Javier Sanchezen dance bertsioa. Beste behin ere, Etxe-ondo diskoetxera jo du Irurtzungo akordeoilariak diskoa argitaratzeko. Idaretak behin baino gehiagotan eskertu du Peio Etxarriren diskoetxeak akordeoiari egindako lekua. Esker on eta konfiantzaren adierazgarri dira diskoetxe honekin argitaratu dituen bakarreko 3 diskoak. Daniel Sanchez aritu da konponketa eta soinu teknikari lanetan. Irurtzungo akordeoilariak Kepa Junkeraren laguntza izan du diskoko abesti batzuetan. Ibilbide oparoaGaztetan murgildu zen Fran Idareta musika munduan. 3 urte zituela oparitu zioten bere lehen akordeoia gurasoek. Irurtzungo musika eskolan hasi zituen musika ikasketak eta Iruñeko Silvestre Almandoz Akordeoi Institutuan osatu. Bertako orkestrarekin kontzertu andana eskaini zituen Nafarroa osoan. 1992an, 16 urte zituela abiatu zuen bakarkako ibilbidea eta kontzertu mordoa eskaini zuen Nafarroan, Bartzelonan, Madrilen, Mallorcan, e.a. Hain zuzen, urte horretan grabatu zuen bere lehen diskoa Iruñeko La Asuncion abesbatzarekin batera. 1999an interpretazio klaseak eman zizkion Enrike Zelaiak. Altsasuarrak animatuta, akordeoilari izan eta diskoak grabatzen hastea erabaki zuen. Ibilbide luze honetan, asko izan dira grabatu dituen diskoak, Betikoak 3 (2000), Infernuko hauspoak (2001) Zephyrrus. Sombras y cenizas (2002) eta Valse Musette (2004) esaterako. Bere ibilbidean, ohikoak izan dira izen handiko artisten kolaborazioak. Besteak beste, Kepa Junkera, Enrique Ugarte, Iñaki Salvador, Aurelio Sagaseta, Javier Garaialde, Joxan Goikoetxea, Maite Ascunce, Enrike Zelaia, Amaia Zubiria, Fermin Idareta eta Jose Ignacio Ansorena izan ditu ondoan. Horietako zenbaitekin batera argitaratu zuen Iruñea, guztion hiria diskoa. Fran IdaretaZergatik eman diozu diskoari Caminos de un reyno izena?Abesti guztien inspirazio iturri izan delako Santiago Bidea. Eta are gehiago, Santiago Bideak, topaleku den aldetik, estetika musikal berri bat aurkezteko aukera eman didalako. Emmanuel Levinasen obran oinarritu naiz horretarako. Hain zuzen autore honi buruzko tesia egiten ari naiz. Zeintzuk dira diskoaren ezaugarri nagusiak?Erritmoak Bestea, Ni ez naizenarekin topatzeko bidea ematen digu. Emmanuel Levinasek zioen bezala, bat-batean erritmo berri bat sartzean, hartara moldatu behar izaten dugu. Gauza bera pasatzen da Bestearekin. Kasu honetan, lurralde honetako musikarekin, musika herrikoiarekin erantzuten diogu Besteari, Santiago Bidea zeharkatzen duen atzerritarrari. Beste egitasmo batzutan ere Santiago Bidea izan zenuen hizpide. Fijazio berezia duzu gai horrekin?"Fijazio" hitza ez zait egokia iruditzen. Fijazio baino, inspirazio iturri garrantzitsua da niretako eta ez da berdina. Nire barrenean murgildu eta naizena izatera narama inspirazioak eta, beraz, arnasten dudan airea bezala, beharrezko dut bizitzeko. Musika idazten hasten naizenean, hizpide dudan leku hori zeharkatu duen jendea irudikatzea gustatzen zait. Abiadura handia hartzen du imajinazioak. Santiago Bideak aurkeztea nahi dudan estetika musikala eta musika herrikoia uztartzeko aukera eman dit. Estetika musikalean dagoen hutsunea bete nahi dut eta musika herrikoia haizatu, Juan Mari Beltranek, herri honek eman duen folklorista handienetakoak egindako bidetik. Non eskura dezakegu diskoa?Iruñeko edozein disko saltokitan aurki dezakezue.