Nagorek Antxiaren kontra jokatuko du final handia

Guaixe 2009ko uztailaren 6a

Frontiseko pilotariak ari dira Nafarroako lau t´erdiko Txapelketa ofizialean lehian, eta asteburuan txapelketako finalerdiak jokatu ziren Zugarramurdin eta Fiteron. Larunbatean Mikeli 12-22 irabazi zion Ander Antxiak. Frontisek antolatutako CPA edo Pilota Zirkuitu Profesionala irabazi berri du Antxiak, denboraldiko pilotari erregular eta onena dela demostratuz, eta nagusitasun hori ere argi geratu zen larunbatean, final handirako sailkatzea lortu baitzuen. Eta Antxiaren kontra Jorge Nagore irurtzundarra ariko da. CPAn bigarrena izan da Jorge Nagore eta Antxiaren arerio sutsuena da bera. Finalerdietan Arretxe izan zuen kontrario irurtzungoak, eta partida gogor eta lehiatuan 18-22 gailendu zen irurtzundarra. Nafarroako lau t´erdiko Txapelketa ofizialeko finala uztailaren 12an jokatuko da, igandean, Labrit pilotalekuan, 12:00etatik aurrera. Nagore kaiolan espezialista hutsa da eta hori bere alde du, eta gainera iaz Lasak irabazi zion txapela berreskuratu nahi du. Antxiarendako Nafarroako lau t´erdiko lehen finala izanen da, eta oso arerio gogorra eta sendoa izango da Nagorerendako. Hortaz, edonork jantzi dezake txapela eta lehia oso estua eta parekoa aurreikusten da. Finala baino lehen Alvaro Gomezek eta Jon Gorritik Amantegi eta Garmendia izanen dituzte arerio.