Irurtzungo txistularien agurra

Guaixe 2009ko uztailaren 17a

Hutsune nabarmena izanen da aurten Irurtzungo festetan. 26-27 urteren ondoren, ez dira kalera aterako Irurtzungo txistulariak. "Urte asko generamatzan. Atzetik txistulari gazte onak datoz eta haiei lekua egiteko garaia iritsi da" azaldu digu Josune Astizek. 7 lagunek osatzen zuten taldea: Josune berak, Ana Matxainek, Txaro eta Juan Urrak, Alicia Navarrok, Xabier Goñik eta Patxi Alegrek. Erraldoien konpartsaren aurretik hasi zuten ibilbidea. Ondoren, hari batuta, herriko jai eta ospakizun gehienetan atera dira kalera. "Festetan goizean goiz jaiki, gosaldu eta txistuarekin jai giroan murgiltzera ohituta geunden. Arraro eginen zaizkigu aurtengo festak, baina, beste alde batetik, gustura hartuko dugu lasaitasuna" esan du Josunek. Irurtzungo Udalak harrera ofiziala eginen dio gaur, 13:30ean, Irurtzungo udaletxeko Areto Nagusian, urtetan egindako lana eskertzeko.