Irurtzunek Nafarroako Txapelketako saioa hartuko du bihar

Guaixe 2009ko uztailaren 17a

Goitibeherak gustuko dituztenak pozteko moduan daude Irurtzunek Nafarroako Goitibehera Txapelketako saio bat hartuko baitu bihar, uztailaren 18an, larunbatean, 17:30etik aurrera. Festen egitarauaren barruan kokatu dute ekimena. Sakanako goitibeherek ez dute huts egingo: Altsasuko Sorgintxulo, Etxeberriko Sakotz, golfo modalitatean aritzen diren irurtzundarrak, maila librean aritzen den Irurtzungo Nitokar... Hortaz, ordezkaritza ederra izango dugu eta ziurrenik sekulako ikuskizuna eskainiko dute guztiek. Igandean eskorgen txandaIrurtzungo festetan huts egiten ez duen beste ekitaldi bat elizatik Kultur Etxera bitarteko aldapa gogorrean antolatzen den eskorga krono igoera izaten da. Ohikoa denez, maldan gora jendetza biltzen duen ekitaldi ikusgarria igandean jokatuko da, 19:30ean hasita. Irurtzungo festetako ekitaldi herrikoienetakoak 14. edizioa izanen du aurten.  Ibilbidea ohikoa izango da: Gernika plazatik Kultur Etxeraino dagoen 30 metro inguruko gainbehera ikaragarria igo eta atzera ere jaitsi. Igotzerakoan bikotekideetako bat esku-organ eseriko da eta beste kideak eraman eginen du. Ibilbidean ginkana antzeko bat gainditu beharko dute, eta proba horiek ongi betez gero puntuak jasoko dira edo gainontzean zigorrak. Jaisterakoan bikoteak postuz aldatuko dira eta atzera ere ginkana gainditu beharko dute. Proba denbora laburrenean egiten duen bikoteak -puntuak eta zigorrak kontuan hartuz- irabaziko du.