Ikuskizuna, abiadura eta abilezia Irurtzunen

Guaixe 2009ko uztailaren 20a

Larrazpi gazte elkarteak, Irurtzungo udalaren laguntzarekin, Nafarroako Goitibehera Txapelketarako baliagarria zen goitibehera proba antolatu zuen larunbatean, Irurtzungo festetan. Guztira 23 ibilgailu eta 38 pilotu animatu ziren Irurtzungo Tanatoriotik Errotondako gurutzeraino prestatutako aldapa ederreko 700 metroko zirkuituan parte hartzera. Ikusleak ere poliki bildu ziren originaltasun handiz prestatutako ibilgailuen nondik norakoak jarraitzera. Sakanan zaletasun handia dago. Horren isla, Nafarroako Inertzia Kirolen Elkarteko lehendakaria Eneko Jimenez arbizuarra dela eta makina bat goitibehera sakandar daudela. "Geroz eta gehiago gara, eta Irurtzun aldean gaia asko mugitzen ari da azkenaldian. Baina pena da Olazti eta Bakaikuko koadrilak ez dabiltzala" adierazi zuen. Txapelketan 11 kategoria ezberdin daude, baina gehienak G-1 kategorian aritu ziren, hau da, hiru gurpileko goitibehera neumatikoetan. Azkarrenak Urko Berdud eta Iñigo Cid altsasuarrak izan ziren, Sorgintxulo goitiarekin, eta proban ez zuten huts egin Oskozko Iker Beunzaren eta Etxeberriko Garikoitz Goñiren Sakotz goitiak eta Irurtzungo Garikoitz Goñi-Iker Beunza eta Gaizka Angulo-Mikel Ibero bikoteek. Beste zazpi arinen kategorian aritu ziren, sei Golfo kategorian - monopatin antzekoen gainean buruz behera jaisten direnak - , bat patinen kategorian, bi errodamentuetako goitibeheretan eta bat kategoria librean, Irurtzungo Javi Yaben eta Agustin Legarraren No tocar competicion goitia. Goitibehera arinetan Belzunzeko Hodei Mondragon izan zen garailea eta errodamentuetakoan H2O. Golfo kategorian tartean Irurtzungo Pello Mitxaus, Egoitz Beraza, Jon Mikel Oderiz eta Aitor Bello aritu ziren, baina Orein Mondragon izan zen garailea. Patinen kategorian Angel Hernandez Litus izan zen azkarrena.