Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo, arratsaldeko zortzietan, abiatu zen Irurtzungo XIV. Eskorga Krono Igoera. Ohikoa denez, Gernika plazatik Kultur Etxeraino dagoen 30 metro inguruko gainbehera ikaragarrian jendetza bildu zen, atzo lehiatu ziren 12 bikoak animatzeko. Eta Irurtzungo festak direla kontuan hartuz, hala egin zuten ikusleek, animatu. Izan ere, aldapa beldurgarri hori eskorgan igo eta bidean jarritako ginkanari aurre egiteko animo oihu guztiak behar izan zituzten parte hartzaileek. Igotzerakoan, bikotekideetako bateek esku-organ eseri behar zuen eta beste kideak orga eraman behar zuen, ginkana gaindituz, eta jaitsieran kideek postuz aldatu behar zuten. Ginkanan egindako lanaren arabera pilatutako puntuak eta zigorrak kontuan hartuz, distantzia azkarren osatu zuen bikoa izan zen garailea. Eta atzo Ramontxu eta Jonathan Vilches irurtzundarrak izan ziren azkarrenak, 2 minutu eta 18 segundoko denborarekin. Urdaiazpikoa eta ardoa jaso zuten opari. Bigarrenak Francisco Javier eta Mikel Iriarte anaiak izan ziren, eta hirugarrenak Ioritz Goñi Etxetxikia eta Erik Ruiz Lasa.