Mariñelarena eta Maurel garaile Alcañizeko hiru orduko erresistentzia proban

Guaixe 2009ko uztailaren 30a

Teruelgo Alcañiz herriko MotorLand karting zirkuituak lasterketa berezia hartu zuen larunbatean: Alcañizeko hiru orduko supermoto erresistentzia proba. Lasterketa ikusgarria izan zen, gauez jokatu baitzen, gaueko 9:00etan hasita. Pilotuak hiru ordu aritu ziren lanean, eta guztira 17 talde eta 33 pilotuk hartu zuten parte, tartean bi sakandarrek: Alejandro Mariñelarena eta Juan Mari Olias irurtzundarrak. Alex Mariñelarenak Luis Carlos Maurelekin osatu zuen taldea. Bi pilotuak bi motorrekin aritu ziren lanean, pistan txandakatuz. Aldiz, Juan Mari Oliasek Igor Amador izan zuen taldekide eta hauek motor bakarrean aritzeko hautua egin zuten, bi pilotuak moto berberarekin txandakatuz. Entrenamenduetan 30 minutuz aritu ziren eta irteerako lehen postua eskuratu zuten Mariñelarenak eta Maurelek. Olias eta Amador, aldiz, seigarren postutik abiatu ziren. Bi irurtzundarrak txapeldunakLasterketa oso ikusgarria izan zen eta pilotuek dena eman zuten. Lehia gogorra izan zen aurreko postuetan, baina azkenean Alex Mariñelarena eta Luis Carlos Maurel nagusitu ziren, hiru ordutan 150 buelta egin eta 3:01:07.592eko denbora erabiliz. Pistan nagusiak izan ziren, eta 13 segundoko aldea atera zieten bigarrenei, David Lascorzi eta Victor Alguacili. Juan Mari Oliasek eta Igor Amadorrek ere primerako lana egin zuten, laugarrenak izan baitziren, 148 buelta eta 3:01:11.338 denborarekin. Euren kategoriako lehenak izan ziren, hau da, bi pilotu eta moto bakarreko kategoriako txapeldunak. Hortaz, bi irurtzundarrak txapeldunak izan ziren, bakoitza bere kategorian. Olias Nafarroako Supermotard Txapelketako garaileNafarroako Supermotard Txapelketak hiru proba izan ditu aurten, hirurak ere Vasconavarro txapelketarako baliagarriak zirenak. SM PRO mailan Juan Mari Olias izan da txapelduna, 145 punturekin. Oliasek txapelketako hiru probatan hartu zuen parte - maiatzaren 2an Iruñeko Polo parkean, maiatzaren 30ean Iruñeko Polo parkean eta ekainaren 21ean Zintronikon - eta bikain aritu zen. Alex Mariñelarena bigarren sailkatu da, 45 punturekin, soilik hiru probatik batean aritu eta gero, maiatzaren 30ean Iruñeko Polo parkean jokatu zena.