Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aizpea Euskara Taldeak antolatuta agorrileko aurreneko bi asteetan udan euskaraz kanpaina garatuko da. Urteko sasoi honetan txikienek euskararekin duten lotura ziurtatu asmoz antolatu du Aizpeak, beste behin ere, kanpaina hori. Astelehenean jarriko da martxan, 25 bat haurrekin. Aizpeak, adina kontuan hartuz, haurrak bi taldetan banatu ditu. Batean Haur Hezkuntzakoak egonen dira (3-5 urte artekoak) eta bestean Lehen Hezkuntzakoak (6-9 urte). A ereduan ikasten duten lau haurrek eman dute izena eta haiek bi taldetan banatuko dituzte. Izan ere, aurten ez baita A ereduko talderik sortu. Udan euskaraz kanpainak astelehenetik ostiralera izanen da, egunero, 11:00etatik 13:00etara. Kultur etxea izanen dute bilgune haurrek, baina igerilekuetara ere bisitaren bat edo beste eginen dute. Aizpea Euskara Taldetik jakinarazi digutenez, eguneroko jardunak bi atal izanen ditu. Batetik, haurren egunerokotasunerako hizkuntz baliabideak emateko euskara landuko da. Hori, joko, kanta, antzerki eta bestelakoen bidez eginen da eta, bestetik, plastika eta antzeko jarduerak ere izanen dituzte udan euskaraz-en. Aldaketa Astelehenerako guztia prest du Aizpea Euskara Taldeak, eta baita kanpainaren ardura duten begirale irurtzundarrak ere. Hasiera batean bi izan behar zuten, talde bakoitzeko bat, baina txikienen taldean, 3 urteko haur asko daudenez ziurrenik laguntzaile bat gehiago izanen da. Aizpeak orain arte kanpaina hau garilean egiten zuen, baina data aldatzea erabaki dute garilean San Ferminak eta herrietako festak direlako eta jendea oporretara doalako. Data aldatuta ere matrikula iazkoaren parekoa izan da. Hala ere, taldeak kanpaina despeditu arte ez du baloraziorik eginen.