Ohorezko mailari eustea eta borroka ematea nahi du Xotak

Guaixe 2009ko irailaren 11

MRA Navarra Xotak 2009-2010 denboraldirako plantillaren aurkezpena egin zuen aurreko astean Zuastin. Krisiaren eraginez, Ohorezko Mailan dabiltzan taldeen aurrekontua jaitsi egin da, tartean Irurtzungo klubarena. Baina krisiari hortzak erakutsi eta duen garrarekin mailari eustea eta ahalik eta lan txukunena egitea nahi du MRA Navarrak. Talde nafarrak soldata altuena zuten jokalariei baja eman die - Lukaian, Joel eta Pablo - eta fitxaketa berriak egin ditu: Cuco (Carnicer Torrejon), Parrel (Maringa), Jesulito (Virgili Cadiz) eta Iraitz (Bilbo). Gainontzeko plantillak jarraitu eginen du. Aipatzekoa da plantillak gutxiago kobratzea onartu duela. Imanol Arregi irurtzundarrak gidatuko du taldea, bederatzi urtez jarraian. Berarendako aurtengoa proiektu ilusionagarria da. "Gure posibilitateen barruan talde oso lehiakorra egin da. Gure indar guztiekin borrokatuko dugu zaleek ongi pasa dezazuen eta gure helburuak lortzeko: lehenik eta behin, Ohorezko Mailari eustea, eta beste zehozer etor badaiteke, bikain" azaldu du entrenatzaileak. Bestalde, Tatono Arregi presidenteak azaldu zuen iazko denboraldia zorrik gabe bukatu zutela eta hori handia dela. Hastera doan denboraldian neurriz kanpo ez dutela gastatuko gaineratu zuen, ekonomia zaintzeko. "Ilusionatuta gaude, konpromisoak eta lanak beti emango dituelako fruituak" nabarmendu zuen. Ildo horretan, plantillak egindako esfortzu ekonomikoa eta MRA babeslearen laguntza eskertu zituen. MRA eta Nafarroako Gobernuaz gain, beste babesle batzuk izanen ditu MRA Xotak, tartean Leclerc-La Morea. Gaur Bartzelona zain IruñeanAsteburuan hasiko da Ohorezko Mailako Areto Futbol denboraldia. MRA Navarrak F.C. Barcelona taldea izanen du arerio. Etxean jokatuko dute irurtzundarrek, gaur, hilaren 11n, ostiralean, 20:30etik aurrera Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan. 4. Trofeo Reyno de Navarra irabaziMRA Navarrak aurreko larunbatean San Juan kirol instalazio berrietan jokatutako 4. Reyno de Navarra Trofeoa eskuratu zuen, Benicarlóri 4-2 irabazi eta gero. Irurtzungo taldea nagusi izan zen partida guztian barna.