Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
MRA Navarra ez da punturik pilatzeko gai izan, atzera ere galdu baitzuen Segovian jokatutako lehia. Lehen zati kaxkarra egin zuten MRAkoek, Caja Segoviaren defentsa sendoaren aurrean aurrera egin ezinik geratu baitziren. Egoera horretan 2-0 aurreratu ziren etxekoak. Bigarren zatian MRA partida dominatzen hasi zen, defentsa indartsuarekin. Epe laburrean partida berdintzea lortu zuten, baina Caja Segoviakoek bikain erantzun zuten eta 2-3 aurreratu ziren. Irurtzungoak partida berdintzen saiatu ziren, baina asmo horretan erabat galduta ibili ziren, eta atzera ere Segoviakoak izan ziren abantaila lortu zutenak: 6-2 nagusitu ziren. Imanol Arregi entrenatzaileak onartu zuen lehen zati oso txarra egin zutela eta bigarrenean hobetu zutela, "baina denbora oparitzen duzunean halako gauzak gertatzen zaizkizu" gaineratu zuen. Nahiz eta ligako bi partidak galdu izan, ez direla presionatuta sentitzen nabarmendu zuen "kalitate handiko taldea baita entrenatzen dudana, eta egoera hau gaindituko dugulako". El Pozo Murcia taldea da Ohorezko Mailako burua, 6 punturekin. MRA Navarra 13.a da, punturik gabe. Larunbatean Katalunian jokatuko du Irurtzungo taldeak, sailkapenean laugarrena den Santa Colomaren kontra. Ea puntuak pilatzen hasten diren.