20 urte. 180 dantzari

Guaixe 2009ko urriaren 2a

Irurtzungo Orritz dantza taldeak bigarren hamarkada ospatuko du bihar. Festarekin bat egiteko deia egin diete 20 urte hauetan dantza taldetik pasa diren lagun guztiei. 15 urtetik hasi eta 65era arte, adin guztietako 180 bat lagun espero dituzte antolatzaileek. Gazte eta heldu, dantza ardatz hartuta bilduko dira.OspakizunaDantzak uztartzen ditu Orritzeko kideak eta, nola ez, hori izanen da biharko egunean protagonista. Arratsaldeko 17:30ean emanen diote hasiera egun handiari. Dantzariek atzean utziko dute foruen plaza eta kalejira eginen dute herriko karriketan barna. Ordu beteko itzuliaren ondoren, 18:30 aldera, Irurtzungo plaza nagusira itzuliko dira, atzera ere, eta dantzaldia jendetsua eskainiko dute bertan. Belaunaldi ezberdinetako dantzariak batera aterako dira plazara. Larrain dantza herrikoiarekin amaituko dute dantzaldia. Jarraian, 19:45 aldera, herritar guztiak dantzan jarriko ditu Dantza Pikok.Jai eguna borobiltzeko, afaltzera bilduko dira 20 urteko historian Orritz taldean parte hartu edo, modu batera edo bestera, haren kolaboratzaile izan diren guztiak. 115 bat lagunek konfirmatu dute asistentzia. "Sorpresatxo bat egonen da guztiendako" aurreratu du Urko Mauduitek. HistoriaOfizialki 1989an sortu zen Orritz dantza taldea. Baina atzerago jo behar dugu bere sustraiak ezagutzeko. Arakilgo dantza taldean aurkitzen ditugu haren aurrekariak. Bere azken txanpan Orritz izena hartu zuen taldeak, desagertu zenera arte. Urte batzuk geroago, haren izena bereganatu zuen Irurtzungo dantza taldeak. Sustraietaraino eraman nahi izan du Orritz dantza taldeak biharko ospakizuna. Horregatik, haien aitzindari izan diren dantzariak ere gonbidatu ditu jaialdira. "5 bat dantzari belaunaldi elkartuko gara, 15 urtetik hasi eta 65 urtera artekoak" azaldu digu Urko Mauduitek. Azken astetan lanpetuta ibili dira guztiak, biharko festa prestatzen. Liburuxka10. urtemuga betetzean egin bezala, aurten ere Orritz taldearen ibilbidea eta aurrekariak jasotzen duen liburuxka atera du Irurtzungo dantza taldeak. 60ko hamarkadatik gaur egunera arteko historia jaso dute: Irurtzungo eta Arakilgo dantza taldeak eta garai hartako Orritz taldeekin hasi eta gaur egungo Orritz taldera arte. Belaunaldi ezberdinen historia eta anekdotak 24 orritan. Bestalde, aurreratu digute DVD interaktibo bat prestatzen ari direla Aritza Bergararekin batera. Orritz dantza taldearen pertsonaia mitologikoak izanen dira haren protagonistak. Udan grabazioak egin dituzte Aralarren eta Larraun, Basaburua, Arakil eta Ollarango herrietan. Muntatze lanak egin eta gero, lana azaro erdialdean argitaratzea espero dute, Durangoko azokaren bezperan.