Barre algarak ziurtatuta

Guaixe 2009ko urriaren 9a

Aurrera jarraitzen du Irurtzungo Antzerki Zikloak. Umorea izanen da gaurko protagonista Paniko Esceniko taldearekin. Sorreratik, "ongi pasatuz ongi pasaraztea" da talde nafarraren helburua, eta asmo horrekin sortu dute En busca del a neurona perdida antzezlana.  Esperimentu zientifikoa egiteko casting-a egin behar du antzerkiko protagonistak. Esperimentuaren baitan dago zientifikoek inoiz argitu ezin izan duten galdera existentziala: "zer dute buruan gizonek?". Esperimenturako gizonik egokiena aurkitzen saiatuko dira antzerkian. Desfile xelebrea eginen dute hautagaiek: 54 urterekin amaren bila jarraitzen duen gizona, errege magoak, poeta negargarria, zanpantzarra, etab. Javier del Curaren zuzendaritzapean, Isabel Azpirotzek, Eduardo Solerrek, Javier Estebanek eta Felix Ansorenak gertuko komedia eskainiko dute, antzerkia ikustera ohituta ez daudenendako egokia. Gaur, 21:30ean, Irurtzungo kultur etxean.