Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean Europako txapeldun Inter Movistar taldea zuen aurre MRA Navarra Xotak. Konplexurik gabe kantxaratu ziren irurtzundarrak. Hasieran bi atezainak izan ziren protagonista, geldialdi bikainak egin baitzituzten. Bigarren zatian Inter taldea aurreratu zen, Netok egindako golari esker, baina Ugek berdintzea lortu zuen. Jokaldi azkar batean berriz aurreratu ziren madrildarrak, baina atzera ere MRA-ko Araçak berdindu zuen. Azken 9 minututan MRA guztiz nagusitu zitzaion Inter Movistarri, baina azken horiek atezain-jokalari formula erabili zuten eta jokoa mantsotu zuten. Euren estrategiak fruitua izan zuen, partida despeditzeko minutu baten faltan garaipenaren gola eskuratu baitzuten Bacarori esker. Etxekoak saiatu ziren, baina Amado atezainak euren jaurtiketak gelditu zituen. Horrela, eta irabazteko merezimendu guztiak izanda, MRA-k hiru puntuak galtzearekin konformatu behar izan zuen. Ohorezko mailako liderra El Pozo Murcia da, 12 punturekin. MRA Navarra Xota 14.a da, puntu batekin. Ostiral gauean Santiagon jokatuko du MRA Navarrak, sailkapenean zazpigarrena den Lobelle Santiagoren kontra. Ea irurtzundarrek denboraldiko lehen garaipena lortzen duten.