Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur aurkeztuko dute irurtzundarren aurrean bateragarritasunaren aldeko tokiko ituna. Herri guztiari zabaldutako gonbitea da eta itunaren xehetasunak jendaurrera eramango dituztenak Saray Ongay (Emakumearen arloko zinegotzia) eta Magali Martinez (Berdintasun teknikaria eta Irurtzungo tokiko ituneko kolaboralatzailea) izanen dira. Itun horren helburua da gizartean dauden etxeko eta familiako arduren banaketa ez-bidezkoarekin bukatzea, horrek emakumearen lan merkaturako sarrera eragozten duelako, besteak beste. Horregatik, herrian gizon-emakumeek eskubide eta betebehar berdinak izan ditzaten lan eginen dute, eta bateragarritasuna lortzeko bidean, herritarrek beharrezko zerbitzuak izan ditzaten. Azken finean, etxeko eta familia alorretako lanen eta arduren arloan pentsaera aldaketa da bilatzen dena. Hala, ituna sinatzen duten eragileek konpromisoa hartu dute irurtzundarrei familia-bizitzaren, pertsonalaren eta lanekoaren arteko bateragarritasuna errazteko . Erakunde bakoitzak egiteko batzuk markatu ditu. 14 sinatzaileBerdin taldea sortzen dute ituna diseinatu eta garatu zutenek, hauexek: Aizpea Euskara Taldea, Asdire-Larrakil, Atakondoa eskolako guraso elkartea, EAE-ANV, UPN, Irurtzun Bai , Emakumeen taldea, Erga-Larreak elkartea, Iratxo elkartea, Itxipuru, LAB, Oinarrizko Gizarte Zerbitzua, Txokokoa guraso elkartea eta Irurtzungo Udala.Aurtengo jarduerak Irurtzungo Udaleko Emakumearen arloak, paktuaren zabalkundea egitearekin batera, Atakondoa eskola publikoan hezkidetzari buruzko tailerra antolatu du aurten. Horrekin batera, eztabaidak eta hedapen-kanpainak eginen dira; beti ere, irurtzundarrak ohartu daitezen etxeko lanak eta mendekotasuna duten pertsonen zainketa gizon-emakumeen artean partekatzeak garrantzia duela. Bestelako prestakuntza jasoko dute bateragarritasunean jardun behar duten pertsonek ere. Udalak, bestalde, goizeko ludotekari diru-laguntza emanen dio: 0-3 urte bitarteko zentroa, haurrendako tailerrak eta hainbat jardueretan haurtzaindegi zerbitzua eskainiko du. Horrekin batera, udal langileen ordutegia malgutuko du, haien bizitza pertsonala eta familia bateragarri egiten laguntzeko. Asteazkenean udal langileek gaiari buruzko hitzaldia jaso zuten. Martxoan antolatutako Emakumearen astea ere lagundu zuen udalak. Jarduera horiek 7.200 euroko aurrekontua dute eta 3.150 euroko diru-laguntza izan du udalak. 14an aurkezpena18:00etan, Kultur Etxean, eta irurtzundar guztiei irekia.