Udalak euskararen ordenantza berria onetsi du

Guaixe 2009ko urriaren 19a

Irurtzungo Udalak 1997an onartu zuen euskararen ordenantza. Hainbeste urte eta gero ordenantza garatu eta zabaltzeko premia ikusi zuen udalak. NaBairen eta ezker abertzaleko zinegotzien aldeko bozekin eta UPNren kontrakoekin aurrera atera da ordenantza berria. Ordenantzaren testu osoa biltzen duen argitalpena prestatu da eta etxez etxe banatuko da egunotan. Irurtzundik azaldu digutenez, "une honetan Nafarroan dauden ordenantza zehatzenetakoa eta aurrerakoienetakoa da". Bai udal ordezkariak eta baita euskalgintza ere,"oso pozik" daude araudi berriarekin.AldeakOrdenantza berrian, aurrekoan ez bezala, langileek beren eginkizunak euskaraz zein gaztelaniaz burutzeko behar bezala gaituta egon beharko dutela jasotzen da, betetzen dituzten lanpostuen hizkuntza eskakizunen arabera. Horiek horrela, Irurtzungo udalak plantilla organikoan ezarri ditu hizkuntza eskakizun horiek. Udalaren diru-laguntzaren bat hartzen duten entitate zein norbanakoek nahitaez idatzi eta aditzera emanen dituzte euskaraz, edo euskaraz eta gaztelaniaz, diruz lagunduta duten jarduerari lotutako idazki, iragarki, ohar eta gainerako komunikazioak. Modu berean jokatu beharko dute propagandarekin, ahozkoa edo idatzia, hau da, euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz. Bestalde, kontratu bidez ematen diren jarduera eta zerbitzuetan herritarren eskubidea, bi hizkuntza ofizialetan kasu egina izatearena alegia, errespetatu beharko da. Irurtzungo ordenantzaren bidez, euskararen erabilera arautzeaz gain, hizkuntzaren sustapena ere bideratu nahi da. Horrela, besteak beste, ludotekan, liburutegian eta musika eskolan euskararen presentzia handitzeko neurriak jasotzen dira. Horretaz gain, edo horren gainetik, udalak berariazko jarduerak egingo ditu D eredua eta helduen euskalduntze-alfabetatzea indartzeko.